Ile eta bizar mozketak, kirol egokitua hauspotzeko
Laugarrenez, kirol egokitua ikusarazteko eta bultzatzeko asmoz, Barbero Solidario elkartasun jaialdia egingo dute domekan. Lortzen den dirua Haszten elkarteari laguntzeko izango da.
Kirol egokituaren eta inklusiaboren aldeko elkartasunak bat egingo du, beste behin, Gernika-Lumoko Barbero Solidario elkartasun jaia. Bizargin eta ile-apaintzaileek Industria kalea beteko dute domekan, dagoeneko errotu den kirol egokituaren aldeko elkartasun festan. Laugarren urtez, Sorkun ileapaindegiak, Mujeres Barberas elkarteak eta Haszten kirol elkarteak beste hainbeste talderen babesagaz antolatu dute Barbero Solidario elkartasun festa. Hala, elkarlanean, denentzako kirolaren alde egingo dute, eta aniztasun funtzionala duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziko dute, ohi legez.
Aurten, 24 bizargin, ile-apaintzaile eta estetizista ariko dira ilea eta bizarra mozten, eta herritarren ekarpenak jasotzen. Emakumezkoek ilea garbitzearren eta orraztearren 10 euroko ekarpena egin beharko dute, eta horri moztea gehituz gero, 15 eurokoa. Bestalde, gizonezkoek ilea moztearren 10 euroko ekarpena egin beharko dute, eta ilea eta bizarra egin nahi izanez gero 15 euro. Atzazkolak egitearren eta makillatzearren, aldiz, 10 euro izango dira. Mozketa horietatik lortzen dena Haszten elkarteari laguntzeko izango da.
Gainera, jakinarazi dute, lan horietan ariko diren profesionalak Euskal Herrikoak izateaz gain, kanpotik ere etorriko direla; besteren artean, Madrid, Toledo, Iruña, Donosti, Bilbo, Salamanca, Cordoba, Ermua edo Errioxatik bertaratuko dira.
Ilea eta bizarrak moztu bitartean, Hasztenekoak aniztasun funtzionala duten Bizkaiko neska-mutilen errealitateari buruzko saioak eskainiko dituzte. Jaira bertaratzen direnei aniztasun funtzionala duten gazteen egoera zein den azalduko diete, uren egunerokoa ulertzeko. Izan ere, Sorkunde Ordorika antolatzaileak dioenez, ekimenaren helburua da Hasztenentzako “ahalik eta diru laguntza handiena” lortzea, eta horrela behar bereziak dituzten ahalik eta gazte gehienei laguntzea. “Izan ere, ume zein nagusiek kirola egiteko diru asko behar dute, dena egokitu behar izaten dutelako”, azaldu du
Askotariko ekintzak.
Elai Alai dantza taldekoek jai hasierako aurreskua 10:00etan dantzatuz hasiko dute laugarrenez, jaia. Ostean, Gernika Crossfitekoak eta Sustabiz Herri Kirol taldekoek erakustaldia eskainiko dute. Bertatik ibiliko dira, baita ere, Danbayan batukadakoak, Dibai Skateboardingekoak, eta Ross dantza eskolakoak denetariko jarduerak zuzentzen. Antimeta taldearen kontzertua ere egongo da, 13:00etan.
Ezustekoak ere izango dira, eta elkartasun zozketa ere egingo dute. Urtero-urtero udalerriko zein inguruko elkarte, enpresa zein taldek parte hartzen dute, eta “oso oso eskertuta” daude antolatzaileak.
Jaialdiak urtez urte izan duen jarraipena eta jendearen erantzuna “bikaina” izaten dela dio Ordorikak, eta errotutako jaia bihurtu da.
Haszten 2014an sortu zen taldea da, aniztasun funtzionala duten Bizkaiko gazteen kirol hastapena bultzatzeko sortu zena. Izan ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dute, kirolaren eta jarduera fisiko inklusiboaren eta egokituaren bidez. “Aniztasun funtzionala duten pertsonen irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatzen duen diziplina anitzeko taldea gara, bost arlotan lan egiten duguna: elkartea, federazioa, udala, hezkuntza eta terapeutika”, azaldu dute. Gehien behar dutenei “aurrera pausoak” ematen laguntzen diete taldekoek, kirol talde askok ematen ez dizkieten aukerak eskainiz.