Belendizko txokoaren 25. urteurrena ospatuko dute
Egun osoko jaia prestatu dute zapaturako (irailak 21), eta 170 bizilagun elkartuko dira bazkaritan. Arratsaldean, berriz, Udax Magunazelaia Uarka auzoko 196 kiloko 'totxoa' altxatzen ahaleginduko da.
25 urtez herritarren elkargune, epizentro edo aterpe izan den Belendizko txokoaren urteurrena ospatuko dute belendiztarrek zapatuan, 13:00tatik aurrera.
Auzolanean eraiki zuten txokoa duela 25 urte, auzo eskola zaharra izateari utzi eta denbora batean erabili barik egon ostean. Herritarren artean txoko bihurtzea adostu zuten, eta hala egin ere. Ordutik, denetariko jarduerak, bazkariak edo apariak egin dituzte bertan, eta elkartzeko eguna prestatu gura izan dute zapaturako, denetariko ekintzekin.
Hala, Aitor Etxebarriazarraga eta Asier Galarzaren bertsioek emango diote hasiera egunari, eta auzotarren arteko harremanak sendotzeko poteoa egingo dute ostean, jai giro herrikoiean.
Ostean, adin guztietako 170 bizilagun elkartuko bazkaltzeko; batzuek beste batzuek baino lehenago bazkalduko dute, 14:15ean hasiko baitira txikienak txokoan bertan, gurasoen ardurapean, eta 15:00etan izango da nagusien txanda frontoian.
Jaiak etenik ez izateko, puzgarriak egongo dira aukeran eguerdi bueltan, baina eguneko une desberdinena Euskal Herriko Harri Handien Txapelduna den Udax Magunazelaiak eskainiko du. Izan ere, 1972n Endañetak leporatu zuen Uarka auzoko 196 kiloko totxoa eroango dute Belendizera, eta hura altxatzen ahaleginduko da Magunazelaia; jakinarazi dutenez, froga Bizkaiko Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du. Bitartean, gainera, Piratak herri kirol taldekoak harrijasotzean eta ingudeagaz lanean arituko dira.
Jaia musikagaz amaituko dute, eta hori egiteaz arduratuko da Koete abeslaria. Antolatzaileek herritarrei jai girora bertaratzeko deia egin diete, ondo pasatzeko eguna baita.
Egitaraua.
13:00. Bertsolariak.
13:20. Poteoa.
14:15. Umeen bazkaria txokoan, gurasoen ardurapean.
15:00. Bazkaria frontoian.
15:00-18:00. Puzgarriak.
18:00. Uarkako totxoaren altxaketa Urdax Magunazelaiagaz.
19:30. Koete abeslariagaz musika eta kantuak.: