Mundaka Lagunkoia proiektua aurkeztuko dute
Mundaka Lagunkoia egitasmoak hirugarren adinekoen parte hartze aktiboa du ardatz. Eguenean [irailak 19] plazaratuko dute, 18:30ean, Olazabal Kultur Etxean.
Mundaka Lagunkoia egitasmoaren aurkezpen agerraldia egingo dute eguenean [irailak 19], Olazabal Kultur Etxean, 18:30ean hasita. Proiektu horrek adineko pertsonak ditu ardatz, eta beraien ongizatea bultzatzea du helburu nagusi. Hain zuzen, adinekoak herrietan ongizatea sortzen lider aktiboak izan daitezela bilatzen du. Horretarako, herritarren parte hartzea dute bide: mundakarren partaidetza prozesuak sortuko eta bultzatuko dituzte, herritarrak “erabakiak hartzeko inplika daitezen”.
Erabaki hartze horren barruan, jardunbide egokien sarea izenekoa ehunduko dute; ekimen berritzaileen sarea da hori, herrikidetasuna sustatzea eta indartzea helburu duena. Ingurune lagunkoiak sortzeko, Mundaka Lagunkoia ekimenak elkarlana bilatuko du: “Besteak beste, adinekoen, udalaren, saltokien, farmazien eta gizarte eragileen artekoa”. Hiru puntu nagusitan ipiniko du fokua. Ingurune fisikoa izenekoak garraioari, etxebizitzari, aire zabaleko eremuei eta hirigintzari erreparatuko dio. Gizarte ingurunea deritzonak, berriz, enplegua, errespetua, inklusioa eta gizarte nahiz komunitate egitura jorratuko ditu. Azken atalak, zerbitzuei dagokioneak, komunikazioaren, informazioaren, gizarte zerbitzuen eta osasunaren ingurukoak onduko ditu.