'Lau elementu' film laburren bilduma ikusgai egongo da Ajangizen
Barikuan (irailak 20), 19:00etatik aurrera, Ajangizko kultur etxean proiektatuko dute 'Lau elementu'. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren baitan sortutako ikus-entzunezkoa da, eta Arrigurik sortu du lau elementuetako bat.
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren baitan sortu den Lau elementu film laburren bilduma proiektatuko dute barikuan (irailak 20), 19:00etatik aurrera, Ajangizko kultur etxean.
Lau elementu dira ikusiko direnak, aldi berean osagarriak diren lau istorio ezberdin. Legution, XIX. mendean Mateo Txituren desagerpenaren misterioa edo Ehiza sortu zuen Aitzol Saratxagak; Oiartzunen, Suediatik itzuli eta jaioterrian Ütlandsk edo atzerritar sentitzen den Estiren istorioa ondu zuen Alba Lozanok; Antzuolan eta Aiherran, galdu eta Euskal Herria gurutzatuko duen Oiogorri oiloaren istoria egin zuen Pette Etxeberriak; eta, Uharten, Arga ibaian agertu den gorpuaren misterioa edo <3 eraiki zuen Arrigurik.
Geuretik Sortuak programaren asmoa da euskaraz sortutako literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkia sustatzea, eta hori bertatik egitea. “Euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, gurea: euskara. Euskarazko kultur eskaintza ez da nahiko genukeen bezain zabala, eta horri erantzuteko asmoz sortu zen Geuretik Sortuak proiektua”.
Ahots anitzek euskaraz kontatzea bilatzen du proiektuak, lokaletik unibertsalera esatea, herriz herri erakustea, eta tokiko iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzea. “Imaginario berri bat sortu nahi dugu, euskaldunok euskaldunontzat. Geuretik sortutako memoria eta historia”. Hala, sortzaileek hainbat herritan bizitakotik sortu dituzte lanak, baita film laburren bilduma hau ere, eta herriari kontatzera bertaratuko dira Ajangizera etzi. Izan ere, lehenengo bi edizioei esker, zazpi lurraldeetako hainbat eta hainbat herritarra iritsi dira 40 euskal sortzaile baino gehiagoren lanak, lau arte diziplinatakoak: “Gure herria kontatzeko ahalegin kolektibo bat da”.