Gazte eguna, jai soil bat baino gehiago
Zapatu honetan [irailak 21] ospatuko da Gernika-Lumoko Gazte eguna, eta antolatzaileek "gazteen artean sozializatzeko topagune" bezala identifikatu dute, jai egunaz gain.
Egurre Gazte Asanbladak beste behin Gernika-Lumoko Gazte eguna antolatu du, zapatu honetarako [irailak 21] aurreikusitako egitarau borobilarekin batera. Azaldu dutenez, aurten berezia da, gainera: “Maiatzaren 4ean asanbladaren 10. urteurrena ospatu genuen, eta beraz, urte honetako Gazte egunak ere berezitasun hori beregain behar zuen izan”. Horrela, 11:00etan emango diote gernika-lumotarrek hasiera egunari, egun osoan zehar Pasealekua beteko duen egitarauarekin.
“Garrantzitsua da jendea konturatzea Gazte Eguna ez dela soilik jai egun bat, baizik eta herriko gazteok sozializatzeko topagune edo kutsu bat ere badela, zeinetan guregan eragina duten eta garrantzitsuak diren gizarteko hainbat gai garatzen, lantzen eta hausnartzen ditugun denon artean”, adierazi dute argi Gazte egunaren definizioa. Era berean, gainera, “asanbladara batzeko deia” egin dute, jende gehiagorekin “errazago eta hobeto antolatzeko aukera” izan dezaten.
Egitarauari adituz, giro herrikoia nagusituko dela aurreikusi dute asanbladakideek, eta 18:00etako esku pilota txapelketa nabarmendu dute, batez ere: “Bikote asko apuntatu dira jada esku pilota txapelketan, eta nahiz eta lehen urtea den hori antolatzen duguna, ekintza arrakastatsua izatea espero dugu, eta jendeak disfrutatzea”. Gauzak horrela, bazkarira jendea animatzea eskatu dute, herri guztiaren gozamena bermatzeko. 14:30ean izango da bazkaria, 7 euro ordainduz, eta Zazpizar erromeriako Elenaren eta Mikosis taldeko Ane Meiren kontzertu akustikoa ere izango da. Gauean ere, musikak hartuko du Pasealekua, 22:00etatik aurrera kontzertuak egongo baitira.
Eguneko egitaraua:
11:00. Montajea
14:30. Bazkaria + kontzertu akustikoa
18:00. Esku pilota txapelketa (2×2)
22:00. Kontzertuak