Bidegorria eskatuko dute Autorik Gabeko Egunean
Muxika eta Gernika-Lumo lotuko dituen bidegorria eskatuko dute, zapatuan [irailak 21], Muxikako Kurtzero auzoan. Busturian ere ekimenez jantziko dute Autorik Gabeko Eguna, domekan [irailak 22].
Datorren domekan [irailak 22], Autorik Gabeko Eguna izango da, eta ekimenak egingo dituzte han zein hemen, besteren artean, Busturian edota Muxikan. Azken udalerri horretan, zapatuan [irailak 21], Muxika eta Gernika-Lumo arteko bidegorri falta aldarrikatuko dute aurten ere. Horretarako, gazte zein nagusi bizikleta gainean elkartuko dira, 10:30ean, Kurtzeron. Urretxindorra herri eskolako guraso elkarteak atonduta, joan-etorriko ibilbidea egingo dute Kurtzero auzuneraino. Helmuga Urretxindorran bertan edukiko dute; han, ginkana egingo dute Urdaibai Txirrindulari Eskolako Gorka Gerrikagoitia eta Beñat Intxausti txirrindulari profesional ohi muxikarrek gidatuta, eta amaitzeko hamaiketakoan elkartuko dira parte hartzaileak.
Kurtzero eta Arane artekoa, arriskuaren ikuspuntutik, “puntu beltza” dela azpimarratuta, herritarrek erakundeei beste behin “konponbideak” eskatzen dizkiete: “Gaur-gaurkoz, ez dago bidegorri proiekturik edo aurre-proiekturik. Hori bai, herritarren eskaerak oso argiak dira, kontziente baitira tarte horrek duen arriskua oso esanguratsua direla; horren erakusle oraintsu egondako trafiko istripua, hiru zauritugaz”. Iazko aldarrikapen egunean 50 lagunetik gora bildu ostean, aurten ere herritarrek erantzutea aurreikusten dute: “Iaz ez bezala, aurten aldarrirako pankarta bat prestatzen ari gara, geure eskakizunak ikus ditzaten”.
Ekoetxean ere bai.
Ekoetxea Urdaibain ere, mugikortasun jasangarria gurpil biren gainean bultzatuko dute, domekan [irailak 22]: familientzako bizikleta ibilbidea egingo dute. Ekoetxeatik azaldu dutenaren arabera, urtez urte “geroz eta jende gehiago” erakartzen duen ekimena da eta, horrenbestez, familiei “bizikleta hartu eta parte hartzeko” deia luzatu gura izan diete.