Mundaka Zabaltzeko modu berria
Aldundiak eta udalak Mundaka Zabaltzen izeneko online plataforma sortu dute elkarlanean, udal informazioa herritarrei gardentasunez eta erabilgarritasunez helarazteko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren BiscayTIK Fundazioaren eta Mundakako Udalaren arteko elkarlanetik sortu da Mundaka Zabaltzen izeneko online plataforma. Lanabes horrek udal kuadeaketaren gardentasuna bistaratzea eta herritarren arteko esku hartze aktiboa bultzatzea ditu helburu nagusi, administrazio lokala herritarrenagana hurreratzeko. Mundaka Zabaltzen-i esker, mundakarrek beraien herriari buruzko datuak, informazio praktikoa edota berritasunak kontsultatu ahalko dituzte, Internetera konektaturiko edozein gailutatik; APP Store edota Google Play baliatuz deskargatu ahalko dute. Azaldu dutenez, besteren artean ondorengo alorrei buruzkoak kontsultatu ahalko dituzte herritarrek: udal gobernu taldeari buruzkoak, erakundearen urteko kontuak, dokumentu edota agiri publikoak eta horien deskargak, eta abar.
Erreminta horregaz bilatzen duten administrazio gardentasuna “herritarrek geroz eta gehiago eskatzen duten kontua” dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, mundakarren eguneroko-eguneroko beharrizanei erantzuteko “beren-beregi prestatuta” dago plataforma: “Lurralde antolamenduari dagokion dokumentazio sorta, kontratuak, akordionahiz hitzarmenak, diru laguntzak eta araudi edo legediak bertan kontsultatu ahalko dituzte”. Izapide burokratikoak gutxitzea eta, modu horretara, udal zerbitzuak herritarrentzako eskuragarriagoak izatea ere bilatuko dute.
Aurreratu dute BiscayTIK Fundazioak Mundaka Zabaltzen plataforma lantzen eta hobetzen jarraitzeko asmoa duela, “funtzionaltasun maila handiagoa eta hobetuagoa lortzeko eta, udalak moduko tokiko administrazioek gobernu eredu ireki zein integrala eduki dezaten, lanabes erabilgarri eta praktikoak emateko, kalitatezko tresnak ahalbidetuz”.