Jabekuntza eta autolidergoa, helburu
Emakumeen ahalduntzea eta segurtasuna jorratzeko tailerrak egingo dituzte hilaren 23an eta 30ean, Mundakan.
Mundakako Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta, Tribisarrospe kultur etxeak Emakumeentzako Jabekuntza eta Autolidergo Tailerrak hartuko ditu irailean. Herriko nahiz inguruko emakumeei zuzendutako ikastaroek beraien segurtasuna eta ahalduntzea sustatzea edukiko dute jomuga. Horretarako, hitzordu bi zehaztu dituzte: batetik, hilaren 23an; bestetik, 30ean (biak ala biak astelehenez). Udaletik aurreratu dutenaren arabera, ordu bi inguruko saioak izango dira, 18:00retan hasiko eta 20:00rak inguruan amaituko direnak.
Doako ikastaroak izango direla iragarri duten arren, izena ematea beharrezkoa izango dute parte hartu gura dutenek. Horretarako bide bi edukiko dituztela azaldu dute: gizartezer.mundaka@bizkaia.org posta elektronikora idatzita edota 946 17 72 00 telefono zenbakira dituta; azken aukera hori hautatzen dutenei gogoratu diete telefono bidezko harrera 09:00ak eta 14:00ak bitartekoa izango dela. Era berean, udaletik izena emateko eta parte hartzeko deialdia luzatu gura izan diete mundakarrei.