Bost udal ikastaro antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Pilates, yoga, zumba eta mantentze gimnasia praktikatzeko aukera egongo da Gautegiz Arteagan, baita abesbatzaren parte izatekoa ere. Horretarako, izena eman behar da, barikua aurretik.
Ikasturte berrirako bost udal ikastaro antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak: pilates, yoga, zumba, mantentze gimnasia eta abesbatza. Horietan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta hori egiteko azken eguna da barikua (irailak 20).
Horretarako, izena emateko orria bete beharko da, eta, hori, kultur etxean zein udalaren webgunean dago eskuragarri. Behin orria beteta, kultur etxean aurkeztu beharko dute interesatuek. Zehaztu dutenez, ikastaroetan izena emateak urte guztirako konpromisoa suposatzen du, lekuak mugatuak direlako.
Taldeak osatzeko gutxienez zortzi kideko partaidetza egon beharko da, eta izena ematerakoan lehentasuna izango dute udalerrian erroldatuta daudenek.
Egutegia.
Pilates saioak izango dira ugarienak aurten. Martitzen eta eguenetan bi txanda egingo dituzte: 17:30etik 18:30era izango da lehenengoa, eta 18:30etik 19:30era bigarrena. Horiez gain, eguazten eta barikuan ere egongo da pilates egiteko aukera udalerrian, baina goizez, 10:00etatik 11:00etara bitartean.
Yoga eta zumba, berriz, astelehen eta eguaztenetan izango dira, 17:30etik 18:30era artean, zumba, eta 18:15etik 19:45era bitartean, aldiz, yoga.
Mantetze gimnasia egin gura dutenek eguazten eta barikuetan izango dute hitzordua, hauek ere bi txandatan: 17:30etik 18:30era lehenengoak eta 18:30etik 19:30era bigarrenak.
Abesbatzakoek, berriz, eguaztenetan berotuko dituzte ahotsak, 20:00etatik 22:00etara bitartean.