Antolinako koba bisitatuko dute gautegiz arteagarrek
Horretarako, baina, izena eman beharko da, barikua (irailak 20) aurretik. Jakinarazi dutenez, gehienez 15 pertsonako taldea sortuko dute.
Antolinako koba bisitatzeko irteera prestatu dute Gautegiz Arteagako Udalak domekarako (irailak 22), Ades Espeleologia Elkarteagaz elkarlanean.
Horretarako, baina, izena eman beharko da, barikua (irailak 20) aurretik, 94 627 15 63 telefonora deituta edo kultur etxean izena emanda. Jakinarazi dutenez, gehienez 15 pertsonako taldea sortuko dute.
Edonork parte har dezake, baina adin txikikoek heldu arduradun batekin joan beharko dute. Izan ere, gehitu dute gutxieneko autonomia eta prestakuntza fisikoa beharko direla irteera egin ahal izateko, “jende gehienarentzat eskuragarria izan arren lur malkartsuetatik igarotzen baita”.
Zehaztu dutenez, jardueraren iraupena zazpi edo zortzi ordukoa izango da. Izan ere, ibilgailuetan joango dira Muruetagane edo Arlanburuko ur deposituraino. Ostean, barrunberaino ailegatzeko denbora 30 edo 40 minutukoa izango da, eta gero, kobaren barrunberako sarbidea hamar metroko bertikala jaitsiz egingo dute —kordak erabilita—. Antolatzaileek esan dute ez dela beharrezkoa sokaren bidezko progresioari buruzko teknikak ezagutzea, eurak arduratuko baitira pertsonak soken eta poleen bidez jaisteaz. “Pertsona bakoitzak soka batean ainguratuta igaro dezakeen denbora minutu batekoa izan daiteke maniobra baokitzeko”, gaineratu dute.
Gero, sarrerako bertikalaren oinarrian, 60 metro luzeko, 40 metro zabaleko eta 15 metroko altuera duen areto nagusia bisitatuko dute, eta ondoren, aretoaren hondora joateko sokaz lotuta egongo den arrapala sendo eta irristakor bat jaitsi beharko dute parte hartzaileek.
Gomendioak.
Guzti hori gauzatzeko, mendian ibiltzeko oinetako egokiak eroatea gomendatu dute, baita besoak eta hankak erabat estaltzen dituen kirol arropa eroateko ere. Horrez gain, pilekin dabilen aurreko argia eroatea gomendatu dute. Bestalde, antolakuntzak jarriko ditu kasoak, arnesak eta sokak.
Ordu luzeko irteera izango denez, likido eta janari apur bat eroateko esan dute.
Eguraldiak lagunduz gero, itzulera Antoliña haitzulo ezagunetik egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek, “Urdaibaiko historiaurreko aztarnategi garrantzitsuenetako batetik”.