350 martxalari bildu ditu Gautegiz Arteagako mendi martxak
Parte hartzaileak gustura aritu dira udalerriko gune eta txoko ezkutu bezain ederretan barrena.
Kirola, aisialdia eta natura uztartzen dituen Gautegiz Arteagako mendi martxak 350 mendizale elkartu zituen atzo (irailak 15) giro ezin hobean.
Gartiape Arteagako Mendiklubak antolatutako martxak bi ibilbide izan ditu aurten ere, martxalarien maila eta gustuetara egokitzeko; luzeak 17 kilometroko luzera eduki zuen, eta laburrak 7 kilometrokoa.
Jakinarazi zutenez, martxa luzean aldaketak egin zituzten, eta parte hartzaileak “pozik” agertu dira aldaketagaz, antolatzaileen berbetan: “Aurten martxa luzean aldaketak egin ditugu eta denek aipatu dute ibilbidea oso ondo egon dela eta ederra izan dela”. Izan ere, udalerriko txoko ederrak zeharkatu zituzten. Ibilbide luzekoek Gazteluzar txokoan hasi zuten bidea, eta Muruetaganerako bidea hartu zuten gero, Basetxetatik Baratzera joateko eta Karmengo baseliza inguruetara ailegatzeko. Handik, Tremoia auzotik ibili ostean, Isla auzorainoko bidea egin zuten, eta ibaiadar ertzetik bueltatu ziren hasierako puntura. Ibilbide laburrekoek, berriz, Islara jo zuten, eta ibaiadarrera jaitsi ostean itzuli ziren.
Bueltatzerako, jan-edana izan zuten esperoan, eta giro bikaina nagusitu zen herrian.