Sukalki egunean murgilduta ari dira gozatzen bermeotarrak
Desberdin heldu da aurton Sukalki Eguna Bermeon. Lehiaketarik gabe dabiltza zapatua ospatzen herritarrak talan egun osoan zehar, musika eta giro herrikoia uztartuz.
Goizean, Ortube itsasontzia bisitatzeko aukera egon da herrian, goizeko 10:30etatik 15:00tara arte. Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak antolatu ditu aipatutako bisitak, alegia. Hainbat izan dira itsasontzira hurbildu direnak. Herritar asko, baina kanpotarrak ere izan dira bertan. Herriko historian murgiltzeko aukera eman zaie hurbildutakoei, eta bermeotarrek hainbestetan entzun eta ikusitako Ortube ontzia gehiago ezagutu ahal izan dute.
Jai giroa, ordea, talan finkatu da gaur, arratsaldera arte. Kuadrilak goizeko lehenengo orduetatik igo dira talara, eta adierazi dutenez, lehiaketarik gabe bada ere, urteroko tradizioarekin jarraitu nahi dute. Urdinez jantzi da Bermeoko tala gaur, eta adin guztietako jendearen elkarlanean eta gozamenean oinarritu da eguna. Familiak, lagunak, kuadrilak… denak helburu berdinaren atzetik: jai herrikoiez eta lagunez gozatzea. Horrela izan da, 13:00etatik aurrera, Josepa Kale Kale Taldearen musikaz gozatu dutela bermeotarrek, eta denak elkarrekin kantu eta dantza aritu direla. “Denok denokaz egoteko eguna da, gure artean disfrutatzekoa, nahiz eta ezezagunak izan”, adierazi dute kuadrilek. Txosna jarri dute, eta musikarekin batera giroa berotuz joan da orduak aurrera egin ahala, herriaren gehiengoa talan finkatu den arte.
Arratsalderako berriz, 17:00etan, Fanfarreagaz kalejira antolatu du Bou Bizkaia peñak, San Migeleko eskaileretatik irtenda, ronpeolaseraino. Izan ere, Bermeo-Urdaibaik etxean jokatzen du gaur, Piskin Marinoil estropada irabazteko helburupean. Herriaren bultzadaz baliatuko dira arraunlariak, duela asteburu batzuetatik jada irabazita duten Eusko Label Ligako lehen postu hori herriaren aurrean berresteko eta ospatzeko. Horren ostean, karaoke ibiltaria izango da herriko txoko txikienetatik zehar, eta susko zezenaren ostean, Akerbeltz erromeriak hartuko du tokia Lameran.