Turismo "arduratsu, jasangarri eta kulturala" sustatzeko
Kortezubiko Udalak webgune berria argitara eman du, errespetuzko turismo eredua bultzatzeko eta herriko ondare nahiz baliabideak balioesteko.
Kortezubiko Udalak urrats berri bat egin du errespetuzko turismo eredua bultzatzeko bidean: www.turismokortezubi.eus web orrialdea argitara eman du, turismo “arduratsu, jasangarri eta kulturala” babestu asmoz; udalerriak dituen baliabideak zein ondarea aintzatestea ere bilatzen du webguneak. Azaldu dutenaren arabera, Interneteko atariak Kortezubi “Mundura zabalduko du”, horretarako diseinu erakargarri eta nabigatzeko erraza baliatuz.
Kortezubiko alkate Karmele Enbeitaren esanetan, udalerrian ondare eta kultur aberastasun handia egonik, “hori guztia kalitatez erakustea eta partekatzea” bilatuko dute: “Bisitatzen gaituztenek oparotasun hori goza dezaten, eta kortezubitarrok geure kulturaren eta esentziaren parte legez elkarbanatu dezagun”. Web orrialdeak egitura “sinplea” daukala argitu du, “diseinu erakargarriagaz eta informazio esanguratsu nahiz argiagaz”.
Zenbait sailetan banatu dute atariak eskaintzen duen denetariko informazioa. Natura izenekoak, batetik, herriko paisaia ereduak aurkezten zaizkio bisitariari eta, besterik, ibilbideak edota paseorako guneak ere bistaratzen zaizkio. Kultura izeneko gunean, aldiz, herriko kultur elemeturik esanguratsuenak, Omako Baso Margotua eta Santimamiñeko kobazuloa, azalduta ageri dira. Edozelan ere, epizentro horietatik harago doazen txokoak erakusten ere ahalegindu dira. Bestalde, historia luzedun baserriak edota memoria historikoari dagokion atala ere sortu dute:”Ez dugu gura herritik ohikoena dena baino gehiago jakin barik joaterik; Kortezubi bere osotasunean ezagutu dezatela nahi dugu, geureaz gozatzea eta itzuli nahi izatea”.
Herriaren auzo eta eremuak argitzeaz gain, bisitariak eskuragarri edukiko lituzkeen ostalaritza establezimenduak eta tokiko ekoizleen bertako produktu eskaintza erakutsi dituzte webean, “lurraren eta mahaiaren arteko zubi lana eginez”. Funtsean, adierazi dute webgune berria “landa inguru idilikoak eskaintzen duen lasaitasunaz gozatzeko gonbidapena da, paduraren eta barrualdeko haranen artean”.