Pirata Egunak Santamañe beteko du bosgarrenez
Bosgarrenez, Pirata Egunean elkartuko dira asteburuan Gorozika auzoko Santamañen. 2018az geroztik, euren eguna euren herrian ospatzen dute Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek, eta astebururako ere denetariko jarduerak antolatu dituzte. Izan ere, dagoeneko errotuta dagoen jaia da. Taldekoen arteko jaia ospatzeko asmoz hasi ziren antolatzen duela sei urte, baina taldeko festa herritarrengana zein inguruko herrietakoengana zabaldu dute, eta gero eta jende gehiago bertaratzen da.
Hala, ohiko egitaraua prestatu dute aurtengorako ere. Txupina jaurtita hasiko da festa bihar (barikua), eta Arratzuko Piñapolak Otxoteak girotuko du txistorra zaporedun iluntzea. Ostean, urtero legez, Obieta aita-semeen kontzertuan dantzatu ahalko dute bertaratzen direnek.
Etzirako (zapatua), eguerditik goizadera arteko egitaraua prestatu dute, adin guztietako herritarrek parte hartzeko modukoa.
Tortilla txapelketaren aitzakian elkartuko dira arratzuarrak, eta tortillarik onena egiten ahaleginduko dira bertaratzen direnak; iaz 23 aurkeztu zituzten. Epaileek oena zein den erabakitzen duten bitartean, baina, herri kirolez gozatzeko tartea izango dute bertaratzen direnek. Izan ere, Tafallako Herri Kirol Talde hasi berria bertaratuko da Arratzura, eta herri kirolen diziplina ezberdinak probatzeko aukera izango dute, baita bertaratzen direnek ere.
Zapatu arratsalderako antolatzaileak beti saiatzen dira erronka ikusgarriak prestatzen; iaz Julio Jimenezek 8 tonako kamioia mugitu zuen, eta aurten Alexander Suarez Strongman gonbidatu dute. Gallartakoak erakustaldia eskainiko du, eta bertaratzen direnek zenbat pisu altxatzeko gai den asmatu beharko dute, izan ere, kinielak egingo dituzte erakustaldiak iraun bitartean.
Erronka horrez gain, aurten bigarrenez egingo dute palanka jaurtiketa, iaz arrakastatsua izan baitzen berritasuna; 50 gizonezkok eta 30 emakumezkok parte hartu zuten, eta aurtengoan ere, parte hartze hori berdintzen ahaleginduko dira. “Antzina, Aulestiko, Nabarnizko, Arratzuko edo inguruko herrietako jaietan egiten zen lehia da, eta guk berreskuratu egin gura izan dugu”, diote antolatzaileek.
Gero, pernila zozketatuko dute, eta sartenekoa eta kontzertuak izango dituzte aukeran. Egun guztian zehar puzgarriak egongo dira Santamañen, eta kontzertuen ostean txokolate beroa egongo dela jakinarazi dute. Ohi legez, jaiak “Salvaren astoak arrantza egiten duenean” agurtuko dituzte.
Egitaraua.
Gaur.
20:00. Txupina.
22:00. Piñapolak Arratzuko Otxotea.
21:30. Txistorrada.
22:30. Obieta aita-semeak.
Bihar.
12:00. Tortilla txapelketako izena ematea.
14:00. Tortillen aurkezpena.
14:10. Herri kirol desafioa.
17:00. Briska eta tute txapelketa.
17:00. Umeentzako apar jaia.
19:00. Alexander Suarez Strongman.
19:30. Palanka jaurtiketa.
21:30. Sartenekoa.
22:00. Su artifizialak.
22:30. Kontzertuak: NAZ, Eiko eta Erreten.
Ostean. DJ Piratak.
23:30. Pernilaren sari banaketa.