Herritik jasotakoa herriari emateko nahia
Erramun Mendibelanda artistak 'Geure Atalaia kutune' horma irudi bat proposatu du Eako talaiako Talako Ama baselizan jartzeko. Bozetoak Eskolondon aurkeztu zituen, eliztarrak aurka agertu direlako, eta sinadurak batzen ari dira.
Eako atalaia eatarrek asko maite duten lekua da, ahal dutenetan bisitatzen dutena, bihotzean daroatena. Han, Talako Ama baseliza dago talaia naturalean kokatuta, eta portutik abiatzen den bide txiki batetik hel daiteke bertara. Eatarrentzat talaia eta baseliza bera herriaren parte garrantzitsua dira, eta hori kontutan hartuta sortu du Erramun Mendibelanda artista eatarrak baselizaren barruan jartzeko Geure Atalaia Kutune horma irudia.
Hala ere, artistak bi urtez garatu duen obraren ideia ez dago Eako talaian, Bilboko gotzaingoak debekatu egin duelako baselizan kokatzea. Hori dela eta, lana inspirazio iturri izan den tokian jartzeko sinadurak biltzen ari dira, erakutsi gura dutelako herriak nahi duela artelana Eako talaiako baselizan egotea.
Sortutako proposamenak baseliza barruko horma batean portzelanazko horma irudi bat jartzea du helburu, marraztutako lauzen bitartez itsasoko munduari omenaldia egiteko, baita itsasoan beharrean ibilitakoei eta Eatik itsasoa sentitu duten guztiei ere. “Hau ilusioan oinarritutako proiektua da. Gure belaunaldiak herriari egiten dion ekarpena da. Ni herriko semea naiz, hemendik alde egin behar izan nuen Arte Ederrak ikasteko, gero lanean aritzeko… Eta orain, herritik hartu dudana herriari eskaini nahi diot”, azaldu du artistak.
Izan ere, 1970eko hamarkadan baseliza berriztu zuten, eta orduan, eskaintzaz beteta topatu zuten baselizaren sabaia. Orain, baseliza esker onez bete nahi du berak: “Nik agerian jarri nahi dut Eako jendeak —herrian daudenek zein ospa egin dutenek— itsasoarekin duten harreman ukiezina. Esker oneko lan bat da hau”.
Asmo horregaz, 5 metro luze eta 6 metro zabalekoa den horma nagusia eskuz egindako 30×40 zentimetroko 240 lauzaz estaltzea da artistaren proposamena, baselizaren horma zuriak janzteko. “Horma zuriaren gainean kolore biziak forma ederretan marraztuta jartzea da proposamena. Izan ere, lauza delikatua da, ukitzeko gogoa ematen du, baina iraunkorra ere bada, datozen belaunaldikoek gozatu ahal izateko modukoa”.
Horma horrek, gainera, atzean itsasoa daukala, eta horregaz eatarrek lotura zuzena dutela gehitu du: “Esan daiteke Earen sorrera bere aurreko itsas marratik, horizontetik datorrela. Barru-barruan bihotza pizten zaigu mollatik itsas marrari begiratzen diogunean. Horrela ere, aurrerantzean baselizara sartuko direnengan antzeko sentimentua piztea da obraren asmoa”.
Nondik norakoak.
Duela bi urte hasi zuten proiektuaren ondorioa da Geure Atalaia Kutune, Asmoz Fundazioak erein eta hainbat talderen laguntzagaz Mendibelandak gorpuztu duen haziarena. Izan ere, 2022ko maiatzean proposatu zion lankidetza Asmoz Fundazioak artista eatarrari, berak inguruan zaharberritzeko edo hobetzeko baselizarik ezagutzen zuen galdetuta. Hilabete beranduago, Eak eta biztanleek itsasoagaz gordetzen duten iruditerian esku hartzea erabaki zuen.
Ordutik, bera arduratu da proiektu artistikoagaz, eta fundazioa administrazio lanagaz. “Fundazioak ideia iragarri zidanean, zortzi hilabete neramatzan akuarelak egiten, eta zortzi hilabetetan egindako lan hori lan berri honetarako bozeto bihurtu zen”, azaldu du. Bizkaiko gotzaingoak, baina, aurreikuspena atzera bota zuen, eliztarrak proiektuaren kontra daudela argudiatuta.
Artistak azaldu du eliztarren atzetik “urte eta erdiz” ibili direla, eurekin biltzeko asmoz. Azkenean, 2023ko ekainean lortu zuten bilera bat adostea, eta aurtengo apirilean Gaspar Martinez Bizkaiko Elizbarrutiko Gai eta Kultura Ondasunen saileko arduradunagaz bildu ziren. Ezetza jaso zuten; eliztarrek baselizan ez dutela museo bat nahi adierazi zuten.
Horren aurrean, udalak proiektua herrian aurkezteko aukera eman zion Mendibelandari, eta proiektua bera aurkezteaz gain, horregaz zerikusia duten hainbat lan jarri zituen jendaurrean: portzelanazko lehen lauzak, kolore probak…. Hori egitean, obra baselizan jartzeko kalean adostasuna baduela sentitu zuen, herritarrek babesa adierazi diotelako. 680 sinadura baino gehiago bildu dituzte, elizari horma irudia bertan jartzeko eskatzeko, nahiz eta euren helburua hori ez izan. “Ezin genuen onartu talde txiki horren zentsura, proiektua herriratzea oztopatzen duena. Zenbat jendek sinatu duen ikustea pozgarria da, lana ulertzen dutela esan nahi duelako”.
Azpimarratu du proiektuak ez daukala erlijioagaz loturarik, eta ez duela sinesmenik zalantzan jartzen, ez eta baselizaren jabetza edo helburua ere. “Proiektua baseliza hori edertzea da, gaurkotzea behar zuelako, eta jendea ulertzen ari da”.
Hala, gotzaingoari beste bilera bat eskatu nahi diote, proiektua garatu, gauzatu eta herriratu delako. “Inork ez du zalantzan jarri inoren sinesmena. Eliztarrek diote artea ez dutela ezagutzen. Baina hau arte eginkizun bati egiten dioten ukapena da. Gainera, han lan bat jartzearen eskubidea talde txiki baten esku utzi dute, eta ezeztatu egin dituzte besteak”.
Mendibelandak artelan bat bakarrik egin duela dio, omenaldia egin nahi izan diola eatarrek itsasoagaz duten harremanari. “Ea munduari begira dagoen herri txiki bat dela ikasi dut. Ni naizena naiz Eatik alde egin behar izan dudalako, eta herriko espiritua eroaten ahalegindu naiz lan egin dudan lekura”.