Gautegiz Arteagako Mendi Martxa, ate joka
400 lagun inguru elkartzea espero dute domekako [irailak 15] Gautegiz Arteagako Mendi Martxan, ibilbide luzea eta laburra osatzeko. 200 lagunek izena eman dute aurretiaz.
Iraila heltzeagaz batera, arteagarrak baso eta mendietara begira ipini dira. Domekan [irailak 15], Gautegiz Arteagako Mendi Martxa egingo dute. Iaz ez bezala, aurtengo ekitaldiak ez du bat egingo Urdaibai Kopagaz, lehiaketa hori ez baitute egin 2024an. Edozelan ere, kirola, aisialdia eta natura uztartuko dituzte aurten ere. Martxalari guztien “maila eta gustuetara” egokitutako egitaraua prestatu dute Gartiapeko Kirol Klubeko antolatzaileek. Hori horrela, ibilbide bi, luzea eta laburra, egongo dira domekan. Lehendabizikoak 17 kilometroko luzera edukiko du, 09:00retan hasita; bigarrena, ostera, 7 kilometrokoa izango da, eta parte hartzaileak 11:00etan abiatuko dira.
Patrik Saitua Betanzos: “Inguruko txoko eta bazterrez gozatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek, zailtasun tekniko handirik gabe”
Ibilbide “politak, ikusgarriak eta edonork egiteko modukoak” direla nabarmendu du Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkateak: “Inguruko txoko eta bazterrez gozatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek, zailtasun tekniko handirik gabe; denetariko eremuetatik igaroko dira, herriko gune ederrenetako batzuk ezagutuz”. Ibilbide biak ala biak Gazteluzar txokoan hasi eta amaituko dira. Aukera luzeak Muruetaganerako bidea hartuko du lehenik, Basetxetatik Baratzera joateko eta Karmengo baselizara heltzeko; jarraian, Tremoia auzoan barrena eginez murgilduko dira artadi basogunean, Isla auzorainoko bidea eginez; azkenik, ibaiadar ertzetik egingo dute hasiera punturainoko bidea. Ibilbide laburrak, aldiz, Islara joko dute zuzenean, eta, ibaiadar hegalera jaitsi ostean, itzulera egingo dute.
Helmuga eremuan, “jan-edana eta jai giroa” egongo dira
Jai giroan.
Helmuga eremuan “jan-edana eta jai giroa” egongo dela azpimarratu du Saituak. Ez hori bakarrik: anoa postuak ere egongo dira. Ibilbide luzea hautatzen dutenek bi edukiko dituzte aukeran: bata, Karmengo ermitan; bestea, Isla auzoan. Ibilbide laburreko parte hartzaileek bigarren anoa postu hori edukiko dute. Internet bidezko aurretiazko izen ematea “bide onetik” joan dela azaldu dute antolatzaileek: “200 mendizale inguruk izena eman dute, baina egunean bertan jende gehiago animatzea aurreikusten dugu; guztira, 400 lagun inguru elkartzea espero dugu”. Aurretiaz izena emandakoek kamiseta jasoko dute opari. Egunean bertan animatzen direnek “kamiseta edo beste opariren bat” eskuratu ahalko dute.