Zaldirik onenen txanda
Nabarnizek 54. Zaldi Proba Txapelketa hartuko du irailaren 13tik 16ra bitartean.
Nabarnizen amaitu berri daude herriko jai nagusiak, Andra Mari jaiak, baina oraindik badute zer ikusi eta zertaz gozatu. Iluntzar Jai Batzordeak antolatuta eta Nabarnizko Udalak zein Bizkaiko euskal joko eta herri kirol federakundeak babestuta, punta-puntako zaldi probez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute irailaren 13a eta 16a artean: 54. Zaldi Proba Txapelketa hartuko du herriko probalekuak. Bizkaiko, Gipuzkoako nahiz Kantabriako ordezkaritzak parte hartuko du kinttopeko probetan eta maila orokorrean.
Hilaren 13an eta 14ean, kinttopeko lehiaren txanda izango da, 20:00etan hasita. Lehendabiziko hitzorduan, Aulestiko Koba, Busturiko Anjel Txertudi eta Guriezoko (Kantabria) Fermin Santamaria ariko dira zein baino zein gehiago. Hurrengo egunean, aldiz, Aulestiko Ibekohondok eta Urdulizko Oleak parte hartuko dute, etxeko lehiakide Jatetxe Nabarnizegaz batera.
Irailaren 15ean eta 16an maila orokorrekoek parte hartuko dute; lehen egunean 18:00etan hasiko dira, eta hurrengoan, berriz, 20:00etan. Domekan, Mungiako Garcia Alabak-ek, Zumaiko Xanartak eta Samanoko (Kantabria) Jose A. Iturriagak neurtuko dituzte indarrak; hurrengo egunean, Garcia Alabak, Jatetxe Nabarniz eta Fermin Santamaria ibiliko dira lehian.