Proiektu gustukoenei botoa emateko unea
Mundakarrek domekara [irailak 15] bitarteko epea dute 2025erako aurrekontu parte hartzaileetako hoiru proiektu gustukoenak bozkatzeko. Hilaren 17an esango dute zein hiru egitasmok jaso duten boto kopururik handiena.
Mundakako Udalak abian ipini du 2025. urterako udalerriko aurrekontu parte hartzaileak zehazteko prozedura. Neurri horregaz, mundakar herritarrek erabakiko dute beraien udalerriko aurrekontu partida zertara bideratu ahalko den. Udaletik aurreratu dutenaren arabera, 2025erako 50.000 euroko aurrekontua esleitu dute. Prozesuaren orain arteko atalean, herritarrek beraien udalerrian aurrera eroan beharko liratekeela uste duten egitasmoak, konponketak, moldaketak edota zerbitzuak proposatu dituzte. Udal ordezkariek azaldu dutenez, “erantzun ona” eman dute mundakarrek. Izan ere, 95 izan dira aurkeztu diren proposamen proiektuak.
95 proposamen aurkeztu dituzte herritarrek, eta udal ordezkariek horietatik 23 hautatu dituzte, bozketarako
Azken egunotan, udal sail desberdinetako ordezkariak aurkeztutako proposamen sorta hori aztertzen aritu dira, eta ebatzi dute horietatik 23 direla bideragarritasuna bermatzen duten ekimenak. Egistasmook eta horiek aurrera eroateak suposatuko lituzketen gastuak, herritarrek ikus ditzaten, zerrenda batean publiko egin dituzte. Orain, datorren domekara [irailak 15] bitartean, mundakarrena izango da hitza: epemuga hori izango dute gehien gustatzen zaizkien hiru proiektuak hautatzeko. Herrian erroldatuta dauden eta 16 urtetik gorako adina duten herritarrek parte hartu ahalko dutela iragarri dute, eta gehien atsegin duten proiektuei hiru puntu eman beharko dizkiete, bigarrenari bi eta hirugarrenari bakarra.
Puntuazioak udal ordezkariei helarazteko, lau bide edukiko dituzte eskuragarri: udaletxean aurkeztea (astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara artean); plazako Correosen postontzian uztea; udalaren web orrialdea baliatuta bozkatzea; azkenik, hilaren 11n eta 12an plazan ipiniko duten informazio karpara jotzea (egun bietan 17:00etatik 19:00etara bitartean). Hilaren 17an emango dituzte aditzera boto kopuru handiena jaso duten eta udal aurrekontu parte hartzaileen bitartez aurrera eroango dituzten hiru proiektuak.