Xabi Barandikak Jai Alai Ligako Lauko Finala jokatuko du
Gernika-Lumotarrak Pau Cup txapelketako finala galdu zuen barikuan [irailak 6]. Imanol Lopezegaz jokatuko du Jai Alai Ligako Lauko Finala.
Aritz Erkiaga izan da zesta-puntako udako izar nagusia. Jai Alai Ligako hamalau txapelketatik hamar irabazi ditu ispastertarrak. Horrez gain, Lekeitioko Masters Series Txapelketa bezalakoak ere gehitu behar zaizkio. Barikuan [irailak 6] Pau Cup txapelketa irabazi zuen Gorka Sorozabalegaz batera.
Xabi Barandika eta David Minvielle izan zituzten aurkari. Atzelariarentzat partida bereziki garrantzitsua zen, txapelaz gain Jai Alai Ligako Lauko Finalerako txartela lortu zezakeen. Horretarako, irabazi beharra zuen, ez zuen beste aukerarik. Baina Erkiaga kantxan dagoen bakoitzean faborito da, eta argi utzi zuen. Arazoak izan zituzten ispastertarra gainditzeko eta aurrelariak ez zuen barkatu.
Gainera, Barandikak eta Minviellek ohi baino akats gehiago egin zituzten. Arin zabaldu zuten tartea markagailuan Erkiagak eta Gorkak (6-2) eta hortik aurrera abantaila kudeatu besterik ez zuten egin. Saiatu baziren ere, ez zuten lortu berdintzea: 15-9. Bigarren jokoa ere bide beretik joan zen, behin aurrea hartuta ezinezko izan zuten. 10-4 aurreratu ziren, eta gernika-lumotarrak gehiago arriskatuz tantoak egitea lortu bazuen ere, ez zen nahikoa izan: 15-10.
Zehaztuta. Gauzak horrela, zehaztuta dago Jai Alai Ligako Lauko Finala: lau aurrelari eta atzelari onenek parte hartuko dute. Erkiaga-Basque, Johan-Gorka, Ladutxe-Del Rio eta Barandika-Lopez izango dira bikoteak. Gernika-Lumotarra eta zumaiarra Jai Alai Ligan puntu gehien lortu dituzten laugarren aurrelari eta atzelaria izan dira hurrenez hurren. Eraman enpresatik aurreratu dutenez, Durangon jokatuko da Lauko Finala, urrian.