Andramari jaietako zapatu gozo bezain koloretsua
Andramariak ospatzen dabiltza Gorozikan, Kanalan, Muruetan eta Nabarnizen. Jai egitarau zabalei erantzun bikaina eman diete herritarrek.
,Andra Mari jaietan bete-betean murgilduta daude asteburu honetan Gorozikan, Kanalan, Muruetan eta Nabarnizen. Atzo hasi zituzten herriko festa nagusiak horietako askotan, eta astelehenera bitartean, herritarrek badute non eta zelan ospatu.Ā
Muruetarrek herri txikien esentzia gordetzen duten jaiak prestatu dituzte, eta txapelketa egunagaz hasi dituzte festa horiek gaur. Izan ere, paella txapelketa lehiatu dute eguerdian, eta tortilla txapelketaren txanda izango da arratsaldean. Briska txapelketa ere izango dute aukeran karta jokoa gustuko dutenek.
Goizetik hasi dira paellak prestatzen muruetarrak, eta janari usaina presente egon da herrigunean. Denetariko paellak prestatu dituzte herritarrek: oilaskodunak, barazkiekin edota denetariko produktuz betetakoak. Hala, denetara zortzi paella aurkeztu dituzte lehiaketara, eta Hirubide izan da onena, 60 puntugaz. Bigarren saria jaso du Urdaibai ez dago salgai taldeak, eta hirugarrena, berriz, Los 34 izeneko taldeak. Epaimahaikideek parte hartzaileen maila ona nabarmendu dute.Ā
Paellak prestatzen zituzten bitartean, gainera, Sustabiz FundazioarenĀ herri kirolen saio parte hartzaileak hartu dute herria, eta bertaratutakoek herri kirol desberdinak probatzeko aukera izan dute. Gainera, herrian mundu mailako sokatira taldea eduki dutenez, kirol alor horren erakustaldia ere egin dute, Busturiko Sokatira Taldeagaz elkarlanean.Ā Eta, ostean,Ā Lilibertsoren eskutik, bertso aldartez girotu dute arratsaldea. Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Oihana Iguaran billabonatarra, Asier Galarza muxikarra eta Benat Bilbao gernika-lumotarra aritu dira bertsotan; gaiak, berriz, Aitor Etxebarriazarragaren eskutik iritsi zaizkie.
Aurtengo berritasun nabarmenena, baina, biharkoa izango da: goitibehera lasterketa itzuliko baita herrira. Eta, astelehenean, herrian zeharo sustraituriko joko bigaz, boloekin eta bingoagaz, agurtuko dituzte jaiak.
Mozorrotzeko unea.Ā
Andramariak jai egun handiak diraĀ nabarniztarrentzat ere bai, eta aurten ere, denetariko ekintzez gozatzeko aukera dute herrian. Tradizioari jarraituta antolatu dituzte festak, ohiko dantza ikuskizun, pilota partidu edota umeen jolasekin.
Eta gaur, jaien egun handian batu dira, mozorrodun herri bazkarian; 120 lagunek baino gehiagok bete dute plaza eta jai giroa nabaria izan da. Topagunea da herri bazkari hori herritarrentzat, izan ere, lehen kuadrilla bakoitzak bere erara eta tabernetan egiten zuen bazkaria, eta orain, elkarregaz batzeko eta elkarregaz egoteko aukera paregabea da.Ā
Gainera, txikienek ere zirkugintza tailerrean parte hartzeko aukera izan dute, eta Joxe Mendizabalen doinuak entzun dira arratsaldeko lehen orduetan. Gero, herriko gazteek jarritako musikagaz dantzatuko dute herritarrek.Ā
Hala, baina, atzo hasi zuten andramari jaien asteburuko egitaraua, alkatearen pregoia entzun ostean. Makailao janaren ostean, dezibelek hartu zuten gaua. Jendetsa bertaratu zen herrira The The Riff Truckers gernika-lumotarrak, Zutik eta DJ Ramixen doinuak entzuteko.Ā
Bihar, berriz, Andra Mari Egunez, Sustabiz FundazioakĀ herri kirol saioa egingo du pilotalekuan. Herri kirolari profesionalak ekarri ordez, eskualdekoen aldeko apustua egingo dute, “merezi dute etaā. Toki berak hartuko ditu, arratsaldez, Garferen esku pilota neurketak. Jaien azken txanpan, herritarrek hamaiketakoa edukiko dute tabernetan, astelehenean,Ā Eingo taldeak girotuta.Ā
Mozorro eta musika.
Kanalan ere, mozorrotzeko hitzordua dute gaur. Mozorro desfilea egingo dute iluntzean, eta, ohi legez, umorea, musika, irudimena eta parrandarako gogoa ez dira faltako. Izan ere, Mikosis, Euskal RockmeriaĀ eta DJ Txurfers ariko dira musika eskaintzen.Ā
Bihar, gainera, egun handia izango dute. Muruetarren moduan, Kanalekoek ere tortilla eta paella txapelketa izango dute aukeran, bihar. Eta, horiek prestatzen dituzten bitartean, izango dute non gozatu ere bai: Kanala dantza taldeak emanaldia eskainiko du, eta hamaiketako herrikoian batzeko aukera izango dute frontoian. Gero, tortilla eta paella onenak zeintzuk diren erabakiko dute.Ā
Gorozikan, bestalde, atzo txupina jaurti ostean, gaur eguerdian zesta-puntako umeen partiduak izan dituzte. Eta, arratsaldean, umeentzako jolasetan batu dira herriko txikienak. Afari herrikoian gorputzak berotuko dituzte gero, Kittu erromeriagaz gaua dantzan agurtzeko. Eta, ohi legez, txokolate jana izango dute aukeran goizaldean, indarrak berritzeko.Ā
Eta, bihar ere, hamaiketako herrikoia, triki poteoa, briska txapelketa eta txokolate jana izango dute Gorozikan.Ā