Uda, amaitzeko puntuan; jaia, hasteko prest
Andra Mari jaiak ospatuko dituzte asteburuan Busturialdeko udalerri eta herritan. Gastronomia, kirola eta ohiturazko ekimenak dira nagusi herri eta auzoetako egitarauetan.
Badira amaieratik hasten diren istorioak. Uda bereak emateko puntuan dagoen arren, Busturialdeko udalerri eta herri ugaritan amaiera hori Andra Mari jaien ailegaeraren isla izan ohi da. Badira hamaikatxo motibo ospakizunerako; badira hamaikatxo motibo kalera ateratzeko. Ohitura da andramarietako jai egitarauetako mugarria: orain arte ederto funtzionatu izan duten egitasmoak, herritarrek begi onez ikusten dituztenak. Kirola, gastronomia edota mahai joko txapelketak dira jaietako epizentro han eta hemen. Edozelan ere, bada tarterik berritasunerako.
Muruetako jaietarako, goitibehera lasterketa berreskuratu dute
Herritarrak motorrak berotzen hasi dira andramarietarako. Muruetarrentzat edo nabarniztarrentzat data bereziak dira, baita Gorozikako zein Kanalakoentzat ere. Muruetan, egitarau “bete-betea” atondu dute: “Bermeoko jaiak ere izan arren, Muruetan herri txikien esentzia gordetzen dugu, denetarik duen programazioa prestatuz”. Berritasun nagusia domekako [irailak 8] goitibehera lasterketaren itzulera da: “Trokan Behera inertzia taldearen lanaren fruitua da”.
Biharko [irailak 7] Sustabiz Fundazioaren herri kirol saio parte hartzaileak ere nabarmendu dituzte, hori ere estreinakoz egingo baitute. Herrian mundu mailako sokatira taldea eduki dute muruetarrek eta, hori horrela, kirol alor horren erakustaldia ere egingo dute, Busturiko Sokatira Taldeagaz elkarlanean: “Sokatira eta herri kirolak errotuta daude berton”.
Lilibertsok atondurik, bertso saioaz girotuko dute jaia Asier Galarza, Oihana Iguaran, Xabat Galletebeitia eta Beñat Bilbaok, Aitor Etxebarriazarragak gidatuta
Kirolaren eskakizunetatik indarberritzeko, gastronomia izango da jaien beste ertz nagusia: “Paella eta tortilla txapelketak egiten ditugu, baita hamaiketako eta txokolate janaldi herrikoiak ere”. Triparen gozamenaz gain, belarriena ere izango da Muruetan. Hain zuzen, Lilibertsoren eskutik, bertso aldartez girotuko dute biharko arratsaldea. Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Oihana Iguaran billabonatarra, Asier Galarza muxikarra eta Benat Bilbao gernika-lumotarra ariko dira bertsotan; gaiak, berriz, Aitor Etxebarriazarragaren eskutik iritsiko zaizkie. Herrian zeharo sustraituriko joko bigaz, boloekin eta bingoagaz, agurtuko dituzte muruetarrek jaiak, astelehenean [irailak 9].
Herriko jaietan erasoen aurkako protokoloa estreinatuko dute muruetarrek
Bestalde, herriko I. Berdintasun Plana “abian” dela probestuz, jaietako protokoloa edukiko dute, “edozein arazo gertatuz gero, ahalik eta egokien bideratzeko”.
Nabarniztarrak, bat eginda.
Nabarniztarrak gaur [irailak 6] murgilduko dira bete-betean andramarietan, baina egitarauari iragan domekan [irailak 1] ekin zioten: Nabarnizko I. Mendi Igoera egin zuten, Iluntzarrera. Gaur gauean, bakailao janaldiagaz batera, dezibelak gailenduko dira: The Riff Truckers gernika-lumotarrak, Zutik eta DJ Ramix oholtzaratuko dira plazan.
120 lagun inguru egongo dira Nabarnizko herri bazkarian
Biharko gailurra, berriz, mozorrodun herri bazkaria izango da; 120 lagun inguru bilduko dira karpapean. Herritar denek batera egingo dute, duela zenbait urte ez bezala: “Aurrerapauso handia da bazkaria plazan egin ahal izatea; duela zenbait urte, tabernetan eta kuadrilla bakoitzak bere erara egiten zuen. Frontoian ere egin izan da, baina herrigunetik urrunegi geratzen da, eta tabernek ez zuten merezi duten besteko babesik eta bultzadarik jasotzen. Hortaz, plazan biltzeak batasun kutsua ematen dio jaiari”.
Andra Mari egunean, Sustabiz Fundazioak herri kirol saioa egingo du pilotalekuan: “Herri kirolari profesionalak ekarri ordez, eskualdekoen aldeko apustua egingo dugu, merezi dute eta”. Toki berak hartuko ditu, arratsaldez, Garferen esku pilota neurketak. Eskualdeko umeak kantxaratuko dira lehenik, eta nagusiak gero: Lopez-Etxebarria vs Ugalde-Perea, batetik; Labaka-Irusta vs Etxebarria II.a-Iturriaga, bestetik.
Jaien azken txanpan, herritarrek hamaiketakoa edukiko dute tabernetan, astelehenean, Eingo taldeak girotuta. Ez hori bakarrik: gaztetxoenek URE umeentzako jolasak edukiko dituzte frontoian. Hurrengo astean, hilaren 13tik 16ra artean, zaldi probak egingo dituzte, eta hamabi lehiakide daude izena emanda.
Arteagako Abesbatzaren emanaldiaz, herri bazkariaz eta bingo musikatuaz gozatuko dute gaur Kanalan
Kanalako herritarrek atzo [irailak 5] hasi zituzten andramariak, umeen pala txapelketaren eta Kanalako 27. pala txapelketaren finalekin. Gaur, besteak beste, Arteagako Abesbatzaren emanaldia eta herri afaria edukiko dituzte; afalostean, bingo musikatuak berotuko du mahaigainekoa. Bihar, mozorrotu egingo dira, herrigunea koloreztatuz. Gauean, Mikosisek, Eusko Rockmeriak eta DJ Txurfersek ipiniko diote soinu banda jaiari. Etzi, tortilla eta paella txapelketak, esku pilota partiduak eta Kanala Dantza Taldearen emanaldiaz gozatu ahalko dute.
Gaur eta bihar bitartean, denetariko ekimenez osatutako egitaraua josi dute gorozikarrek
Goizetik goizaldera.
Gorozikarrak ere jaiaren erritmora dantza egiteko prest dira; txupinazoagaz eta mus txapelketagaz hasiko dituzte, gaur. Bihar, umeen nahiz nagusien partiduak hartuko ditu frontoiak, bai zesta-puntakoak, bai eskuzkoak. Osteko afari herrikoiaren ondoren, zerutik lurrera egingo dute: 23:00etan su artifizialak botako dituzte, eta gero, Kittu erromeriak markatuko du jaien erritmoa. Erritmo horri 04:30era arte eusteko gai direnek txokolate janaldia edukiko dute ordu horretan. Andra Mari egunean, hamaiketako herrikoiagaz hartuko dituzte trikipoteorako indarrak. Arratsaldez, briska txapelketa, txokolate janaldia eta jaiak biribiltzeko “traka ikusgarria” edukiko dituzte.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI
GOROZIKA (MUXIKA)
Gaur, barikua.
- 19:00. Txupinazoa.
- 21:00. Mus Txapelketa.
* Izen ematea: 20 euro.
Bihar, zapatua.
- 13:00. Pilota partiduak: zesta-puntako umeen partiduak. Eskuz umeak: Inhar Legarra-Ander Gezuraga vs Kemen Etxanojauregi-Izei Gantxegi. Eskuz nagusiak: Madariaga-Argarate vs Zabalgogeaskoa-Perea.
- 18:00. Umeentzako jolasak.
- 21:00. Afari herrikoia.
- 23:30. Kittu erromeriaren kontzertua.
- 04:30. Txokolate janaldi herrikoia.
Etzi, Andra Mari eguna.
- 10:30. Meza, herriko arimen alde.
- 11:30. Hamaiketako herrikoia.
- 13:00. Triki-poteoa.
- 17:30. Briska txapelketa. Izen ematea: 10 euro bikoteko.
- 20:00. Txokolate janaldi herrikoia.
- 20:30. Jaiei amaiera emateko traka ikusgarria.
KANALA
Gaur, barikua.
- 17:00. Zinta lasterketa eta umeentzako jolasak.
- 18:45. Emakumeen III. Pala Txapelketaren finala.
- 19:30. Kanalako 27. Pala Txapelketa Nagusiaren finala.
- 20:30. Arteagako abesbatzaren emanaldia.
- 21:30. Herri afaria.
- 22:30. Bingo musikatua.
Bihar, zapatua.
- 10:30. Kalejira.
- 18:30. Mozorro desfilea.
- 21:00. Bokatak salgai.
- 22:00. Kontzertuak: Mikosis, Euskal Rockmeria eta DJ Txurfers.
Etzi, Andra Mari eguna.
- 11:00. Meza.
- 11:30. Tortilla eta paella txapelketetarako izen ematea.
- 12:00. Kanala dantza taldearen emanaldia.
- 13:00. Hamaiketako herrikoia, frontoian.
- 14:30. Tortillen eta paellen aurkezpena.
- 15:00. Sari banaketa.
- 18:00. Esku pilota partiduak, frontoian: ume, kadete eta nagusi mailak.
MURUETA
Bihar, zapatua.
- 11:30. Paella Txapelketarako izen ematea.
- Paellak kozinatu artean. Josepa Kale Kaleren emanaldia.
- 12:00. Herri kirol erakustaldia Sustabiz Fundazioagaz eta erakusketa Muruetako Dinamitxie Herri Kirol Klubaren (Muruetako Sokatira Taldea) eta Busturiko Sokatira Taldearen eskutik.
- 14:30. Paellen erakusketa eta sari banaketa.
- 17:00. Tortilla Txapelketa.
- 19:00. Tortillen erakusketa eta sari banaketa.
- Ostean. Bertso saioa, Lilibertsoren eskutik. Bertsolariak: Xabat Galletebeitia, Oihana Iguaran, Asier Galarza eta Beñat Bilbao. Gai jartzailea: Aitor Etxebarriazarraga.
- 19:30-20:00. Briska Txapelketarako izen ematea. Prezioa: 15 euro bikoteko.
- 20:15. Briska Txapelketa.
Etzi, Andra Mari eguna.
- 11:30. Meza nagusia.
- Ostean. Ohorezko aurreskua.
- 12:15. Hamaiketakoa.
- 13:00. Urdaibai Dantza Taldearen emanaldia.
- 16:00. Umeentzako joko eta olgetak.
- 17:00. Goitibehera lasterketa.
- 19:00. Txokolate janaldi herrikoia.
Irailak 9, astelehena.
- 11:30. Hildakoen aldeko meza santua.
- 12:15. Boloak eta bingoa.
NABARNIZ
Gaur, barikua.
- 19:30. Pregoia, Txikilimanak eta txupinazoa.
- 20:30. Bakailao janaldia, herriko tabernetan.
- 22:00. Kontzertuak, plazan: The Riff Truckers, Zutik eta DJ Ramix.
Bihar, zapatua.
- 14:45. Herri bazkaria, plazan.
- 16:30. Zirkugintza tailerra, plazan.
- 17:30. Joxe Mendizabalen erromeria.
- 20:30. DJ Expuela.
- Ondoren. Herriko gazteek jarritako musika.
Etzi, Andra Mari eguna.
- 11:00. Sustabiz Fundazioaren herri kirol emanaldia, frontoian.
- 12:00. Meza.
- 17:30. Esku pilota partiduak Garferen eskutik, frontoian.
Irailak 9, astelehena.
- 12:00. Meza.
- 13:00. Hamaiketako herrikoia, herriko tabernetan.
- 13:00. Eingo trikitilari gazteen taldearen emanaldia, tabernaz taberna.
- 17:00. URE umeentzako jolasak, frontoian.