Lehertzear da kolore urdinez janzteko festa
Bihar hasiko dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, elkarlanean eraikitako egitarau zabalagaz. Hala ere, gaur [irailak 6] zabalduko dituzte txosnak. Galbana kendu eta jaietako zapia jantziko du Xixilik bihar, eta Naia Lasok botako du pregoia, herritarrek hala erabakita eta udal ordezkariak ondoan dituela. Aurten lehenengoz, bi orduz aurreratu dute pregoia: 20:00etan izango da.
Uda agurtzeko jaien azken trakan sartuko dira egunotan bermeotarrak. Badatoz «egunaro-egunaro» kalean ibiltzeko egunak, urdinez janztekoak, barre egitekoak, aldarrikatzekoak eta ospatzekoak. Bermeoko kaleak jendez betetzeko prest daude, ze, irailaren 7tik 16ra bitartean ospatzen dituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek denetariko ekintzez beteko dituzte herriko kale zein auzoak gaurtik.
Adin tarte guztiei begira osatu dute eskaintza herriko kultur eragile eta udalak, eta klasikoak ere ez dira faltako: kontzertuak, su artifizialak, play-back lehiaketa, herri bazkaria, kuadrilen jaitsiera… Herritarrek herritarrentzako antolatutako jaiak datoz beraz, elkarlanean eraikitakoak.
Galbana kendu eta jaietako zapia jantziko du Xixilik, bihar. 17:30ean motorrak berotuko dituzte jaitsiera koloretsuagaz, baina festei hasiera emateko Naia Lasok botako du pregoia, baita Nadia Nemeh alkateak ere. Skaterra Olinpiar Jokoetan aritu da, Park modalitatean, finalera ailegatuz eta zazpigarren postuagaz diploma olinpikoa lortuz; bera da kirol horretan finalera ailegatu den lehen euskalduna. Ahalegin handia egin zuen Lasok Parisen lehiatzeko, aurretik min hartuta baitzegoen. Finalean ere min hartuta lehiatu behar izan zuen, sailkapen fasean kolpe gogorra hartu ostean. Hala ere, bere kemena erakutsi eta lan bikaina osatu zuen bermeotar gazteak. Eta orain, herritarrek hala erabakita, herriko jai nagusiei hasiera ematea egokitu zaio.
Andramari eta santaeufemiei hasiera emateko pregoi ofizial hori, baina, aurten lehenengoz, bi orduz aurreratu dute: 20:00etan izango da Xixiliren aurkezpena eta pregoia. Izan ere, jai inklusiboak egiteko asmoz aurreratu dute ordutegia, herriko txikienek ere hasiera horretaz gozatzeko aukera izan dezaten. Ildo berean, iaz legez, zeinu hizkuntzan eskainiko dute pregoia, eta, bestalde, barraka isilen egunak ere zehaztu dituzte: irailaren 10a eta 12a.
Domekan, Andra Mari egunez, Almikara joango dira udal ordezkariak, ohi legez, alkate soinua entzun ostean. Bertan, ohorezko aurreskua dantzatuko diote udalbatzari eta Bermeoko Erraldoien Konpartsakoek ekitaldia eskainiko dute. Gaztelugatxe Tanborrada Taldeak lehenengoz antolatutako umeen danborradaz gozatzeko aukera ere izango da. Jakinarazi dutenez, San Andresko bidegurutzetik Bermibusa egongo da Almikara joateko: 10:30etik aurrera goranzko lau bidaia egingo ditu autobusak, eta beste lau egingo ditu jaisteko, 12:30etik aurrera.
Arrantzaleen egun handia
Astebururako antolatutako egitarau zabala amaitutakoan, baina, ez dute atsedenerako momenturik izango bermeotarrek, Arrantzale Egunak beteko baitu astelehena. Meza entzun ostean, kalejiran joango dira portura, Bermeoko portuko arau eta ohiturak mantentzen lagundu zutenei omenaldia egitera; Anton Garai Gabantxo, Jose Manuel Gabantxo Bilbao, Anton Perez Bilabo, Jabier Kareaga Urkixo eta Anna Marra Pascualo (Giovanni Marraren alaba) omenduko dituzte. Gero, Goiko plazatik San Frantzisko enparantzaraino joango dira jaitsieran. Jaiak ez du etenik izango, eta ordu txikietara arte ibiliko dira dantzan.
Datorren astean ere ez da erritmorik faltako. Danbor hotsek jarriko diote doinua irailaren 13ari. Bi egunetan bete zituzten nagusien danborradan parte hartzeko lekuak eta «ezustekoren bat edo beste» eskainiko dutela aurreratu dute.
Sukalki egunak ere izango ditu bere osagaiak: aurten txapelketarik egon ez arren, Talan sukalkia jaten batzeko hitzordua jarri dute. Bapo beteta, arraunerako tartea egongo da, Bermeo Hiriko XLII. Ikurrina lehiatuko baitute herriko uretan. Eta, Santa Eufemia egunez, baserritarrak izango dira protagonistak.