Itsasontzian arrantzan ziharduen langile bermeotarraren heriotza salatu dute
LABek jakinarazi du aurtengo zortzi hilabeteetan 40 pertsona hil direla lanean. Laneko heriotza hau salatzeko LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizazioa egingo dute Bermeon, martitzenean (irailak 10); 12:00etan Lameran jarri dute hitzordua.
Abuztuaren 25ean Bermeoko Pesqueria Vasco Montañesa SA enpresarako lanean ari zen arrantzale bermeotarra hil zen Dakar (Senegal) inguruko uretan. Itsasontzian arrantzan ziharduen langilearen heriotza ez traumatikotzat jo da ofizialki, eta LABek salatu du aurtengo zortzi hilabeteetan 40 pertsona hil direla lanean. “Gutxienez 40 langile hil dira lan istripuz, horietatik sei abuztuan”, zehaztu dute.
Laneko heriotza hau salatzeko LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizazioa egingo dute Bermeon, martitzenean (irailak 10); 12:00etan Lameran jarri dute hitzordua, Patronal eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte. Prekarietateak hil egiten du lelopean.
Sindikatu abertzalekoek euren elkartasuna eta samina adierazi diete hildakoaren senide, lagun eta lankideei. Eta salatu dute mota honetako istripuak aztertzeko eta argitzeko “sekulako trabak eta gardentasun eza” aurkitzen dituztela.
Gogoratu dute heriotza ez traumatikoen atzean “faktore ezberdinak” daudela, tartean lan karga, erritmoa, estresa… eta horiek eragin zuzena dutela lan istripuetaan. Hala, LABekoek irmoki salatu dute heriotza hori: “Arrantza sektorean gertatzen den eskubide urraketak, hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko lanaldiak edota sektorearen ezaugarri diren lan neurri gogor eta arautu gebeak dira heriotza hauen errudunak”.
Arrazoi horiek, baina, ez direla bakarrak diote sindikatukoek, eta baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabiltzeko eskatu diete bai enpresa, bai instituzioei: “Euskal Herriko enpresak dira Senegalgo eta beste hainbat lekutako itsasoak ustiatzen eta arpilatzen dituztenak, hemengo agintarien laguntzagaz. Ezaguna da Eusko Jaurlaritzak atunontzi handiak dituzten eta altura handiko flora kudeatzen duten enpresen alde egiten duen apustu irmoa. Baliabideak arrantzaleen segurtasuna bermatzeko erabili beharrean, armak erosteko ematen diete dirua, hauekin piraten erasoetatik babesteko”.
Baxurako arrantza “jasangarriagoa eta hurbilagoa” dela esanda, hori ere plan estrategiko beharrean itotzen ari dela salatu du LABek. Horregatik, arrantza sektorearen lan baldintzetan zein arauetan aldaketak egiteko eskatu du: “Arrantza sektore osoak behar du lan baldintzen aldaketa eta arauketa legala. Aski da orain dela urte askotako araudiekin eta ohiturekin lanean aritzeaz. Arautzeak eragina izango luke istripu eta heriotzen tasan”.
Eusko Jaurlaritzaren arrantza politikak ere badirela arrantzaleen istripuen erantzule diote LABekoek. Horregatik, lan osasuneko baldintza egokiak bermatzeko exijitu die LABek bai enpresei, bai Eusko Jaurlaritzari, ereduaren inguruko norabide aldaketa eta lan osasuneko neurriak betetzen direla bermatzeko. “Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arrantza politikek beste herrialdeetako itsasoak arpilatzea soilik dute helburu. Enpresek bertako herritarrak kontratatzen dituzte baldintza prekarioetan lan egin eta lanean bizia galtzeko. Sasoi bateko sistema kolonialak erabiltzen dituzten enpresak diru publikoz laguntzen dituzte eta gainera, baldintzarik gabeko babesa eskaintzen diete”, argudiatu dute sindikatukoek.