Musika elektronikoak hartuko du Pasealekua
Dantz Point Bizkaia by BBK ekimenari esker, Txsk, Willy Kasper eta Unzuren musikaz gozatzeko aukera egongo da zapatuan Gernika-Lumoko Pasealekuan, 18:00etatik 00:00etara bitartean.
Musika elektronikoak eta Gernika-Lumoko Pasealekuak bat egingo dute zapatuan (irailak 7). Izan ere, 18:00etatik 00:00etara bitartean Willy Kasper, Txsk, eta Unzuren musikaz gozatzeko aukera egongo da bertan, Dantz Point Bizkaia by BBK ekimenari esker.
2019an jaiotako Dantz Point ekimenak musika elektronikoaren bidez ondareari balioa ematea du helburu, doan. Eta kultura ziklo berri horrek Bizkaiko bost agertoki enblematiko hartuko ditu aurten; dagoeneko Ondarroako plaza bisitatuta, udalerrira ailegatuko da zapatuan.
Gernika-Lumoko Pasealekuak badu bere historia: udalerriko erdigunean dago kokatuta 1882an eraikitako plaza. “1882an Gernikako eta Lumoko elizatea elkartu egin ziren, eta hori gogoratzeko, bi herrien arteko Batasun Plaza izeneko plaza berria eraiki zuten”, azaldu dute arduradunek. Gerora, haur hezkuntzako zentroa jarri zuten bertan, eta, ondorioz, aire babeserako babesleku bat eraiki zuten plazaren atzeko horman, 36ko gerran, lur naturalean induskatuta. Beraz, Pasealekuak “lotura eta babesa” irudikatzen dituela oinarri hartuta, Dantz Pointek gauza bera margotu gura du bertan, gunea topaleku bihurtuz.
Musika elektronikoko eta abanguardiako esperientziak ondare balio handiko lekuagaz uztartuko dituzte zapatuan, baina, hori egiteaz gain, programazio artistikoak lurraldeko eta udalerriko artisten talentuari balioa eman gura dio ere bai. Hala, XIX. mendeko topagune horretan XXI. mendeko musikaz gozatuko dute bertaratzen direnek.