Jaiekin batera, zestaren jaialdia izango da domekan, Bermeon
Irailaren 8an [domekan], Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiekin batera, Bizkaiko Opena izango da Artza frontoian, zesta partidez gain, puntista ohiak omenduz.
Arratsaldeko 18:ooetan hasiko da zesta jaialdia Artza pilotalekuan, domekan. Horretarako, bi partidu antolatu ditu Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak, Bermeoko Udalaren laguntzaz: Gazteak zesta puntaz lehenik, eta nagusiak zesta puntaz, ondoren. Horietako bakoitzean Markinako, Berriatuko, Gasteizko zein Gernika-Lumoko puntistak izango dira norgehiagokan. Lehenengo txandan, adibidez, Txanton eta Peru izango dira Jokin eta Xubanen aurka. Bigarrenean berriz, Javier eta Danel, Aaron eta Undaren aurka.
Horrez gain, puntista ohiak ere omenduko dira zestaren jaialdian. Denak bermeotarrak, eta denek irabazi izan dituzte izen handiko hainbat txapelketa. Horrekin Bermeon zesta puntak “iragana, oraina eta etorkizuna” duela erakutsi nahi dute. Francisco Javier Hormaetxea Alboniga Menor (Francisco) eta Juan Ramon Rementeria (Remen) izango dira omenduak, eta bakoitzaren puntalari ibilbideko puntu esanguratsuenak ere aipatu dituzte: “Franciscok 1972an debutatu zuen Gernika-Lumon, eta 1989tik 1991ra arte aurrelaririk onena izan zen AEBn binakakoetan. Remenek, berriz, debuta 1971an Gernika-Lumon egin ondoren, Munduko Txapelketak irabazi izan ditu bere puntista ibilbidean zehar”. Horrez gain, Humberto Elordui Benguria ere gogoan izango dutela aipatu dute, batik bat bere semeei detaile bat emanez.
“Bermeoko Artza frontoian nekez entzun izan da xisteratik pelotak irtetzean egiten duen soinua eta horman jotzean ateratzen duen zarata. Sarerik gabe oso zaila edo ezinezkoa zen Jai Alaiko partidu bat segurtasunez ikustea. Orain, Bermeoko Udalari esker sarea badago eta 2024ko ekainaren 26an Bermeoko I. Zesta Punta topaketa antolatu genuen”, esker oneko hitzekin bukatu dute antolatzaileak.