36ko gerrako fusilatuak omenduko dituzte mundakarrek
Mundakako udal gobernu taldeak alkate izandako eta indar faxistek fusilatutako Alejandro Mallona omenduko dute zapatuan [irailak 7]. Marcelino San Anton ere gogoan edukiko dute, hura ere gerra aldian fusilatua.
Mundakako Udaletik aurreratu dutenaren arabera, datorren zapatuan [irailak 7], 12:00etatik aurrera, Espainiako gerran fusilatutako mundakar herritar bi omenduko dituzte: Marcelino San Anton eta 1931n Mundakako alkate izandako Alejandro Mallona. Omenaldiak atal bi edukiko dituela iragarri du udalak: batetik, udal gobernu taldea plazan elkartuko da, udaletxeko arkupeetan, Alkate Mallona parkeko oroitarrirainoko bidea egiteko; tarte hori, hain zuzen ere, herriko txistulari taldearen doinuek girotuko dute. Bestetik, parkean bertan udal ordezkariek, senideek zein herritarrek lore eskaintza egingo diete, ohorezko aurreskuaz gain.
Iaz, Mundakako alkate Sorne Rubio Aranok Edorta Jimenez mundakar idazlearen berbak baliatu zituen, Mundaka “oroimenaren leku” izan behar dela nabarmenduz: “Ez bedi inoiz lorerik, edo idatzirik, edo irudirik, edo beste edozein lekukotasunik falta izan hemen”. Alkateak faxismoak sortutako “zauriak, krudeltasuna eta heriotza” izan zituen ahotan.
Politikan ibilbide zabala. Mallona, Mundakako alkate izateaz gain, Gernikan Euskal Errepublika aldarrikatu gura izan zuten alkateetako bat izan zen. Abertzalea izatez, Jose Antonio Agirre getxoztarra 1936. urtean Euzkadiko estreinako lehendakari hautatu zuen mahai nazionaleko partaide izan zen. Faxisten altxamendua Bizkaira ailegatu zenean, baina, preso hartu zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten. 1937ko irailaren 5eko egunsentian, frankistek Derioko hilerriko hormara eroan zuten, eta bertan fusilatu.