TAE Gernikaren ibilbidea aitortu du Taekwondo federazioak
2023ko Bilakaera Onenaren saria eman dio Espainiako Taekwondo Federazioak Gernika-Lumoko TAE Gernika klubari. Taldeko ordezkariek "pozik" hartu dute aintzatespena.
TAE Gernikak klub modura egindako ibilbidea aitortu du Espainiako Taekwondo Federazioak. Alacanten asteburuan egindako Taekwondo ITFko kongresuan parte hartu zuen Gernika-Lumoko taldeak, eta kongresua amaitzeko ekitaldi ofizialean 2023ko Bilakaera Onenaren saria eman zioten TAE Gernikari.
Aitortza Daniel Urbez klubleko kirol zuzendari eta sabonim irakasleak hartu zuen, eta aintzatespenagatik “pozik” agertu zen: “Eskolaren atzean dagoen lana aitortzea eskertzen diogu Espainiako Taekwondo Federazioari, besteak beste irakasleak, ikasleak, gurasoak daudelako atzean, eta eurak barik hau ez litzatekeelako posible izango”. Horrez gain, TAE Gernikako eskola komunitateari eskerrak eman gura izan dizkio Urbezek, “guztien esfortzuagatik eta iazko ikasturtean lortutako guztiagatik”. Andreu Martinez bere mentorea ere ez zuen ahaztu kirol zuzendariak, hura barik ezin izango zukeelako Gernikaldean taekwondoa garatu ez bultzatu.
Hala, onartu du TAE Gernikak kirolarien formakuntzan aurrera egin gura duela, eta urte berrirako helburu lehiakorrak ezarri dituzte; horien artean daude, euren atleta batzuk goi mailara bultzatzearen eta Europako edo mundu mailako lehiaketetan parte hartzera eroatearen asmoak. Gogoratu dute klubak udalerrian jarduten duela, baina eskualde guztiko kirolarien formakuntzan eragiten duela, eta horrek kirol honen zabalkuntza ekarri duela. Besteak beste, 6 eta 50 urte bitarteko kirolariek lehiaketa askotan parte hartu dutela azpimarratu dute, kategoria desberdinetan lehiatuz edota erakustaldiak eskainiz.