50 lagun inguru batu dira Iluntzarrerako mendi igoeran
Nabarnizko lehenengo Mendi Igoeran elkartu ziren nabarniztarrak domekan; 50 lagun inguru batu ziren Elexalden 09:00etarako, eta handik Iluntzarrerainoko bidea osatu zuten.
Herrigunetik Kanterarantz joango ziren, gero Motroillu eta Mandalesta zeharkatzeko. Ostean, Saraua eta Irurkitza igarota ailegatu ziren Busturialdeko begiratokiaren tontorrera. Bertan, ikurriñari eta mendiari omenalditxoa egin zieten, eta alkatearen berbak entzun ostean, ikurriña aldatu zuten.
Ondoren, Mandalestako zelaian hamaiketakoa jateko aukera izan zuten bertaratu zirenek, eta herrigunera ailegatzerakoan, Joseba Urrutiak alaitu zuen triki-poteoa. Antolatzaileek diotenez, parte hartzaileak “oso gustura” geratu ziren ibilaldiagaz, baita geroko jai giroagaz ere.
Argazkiak: Iluntzat Jai Batzordea.