San Antolin egunez, herriko jaiei agur
Eguenetik gaur arte herriko jaietan murgilduta ibili dira gautegiz arteagarrak, eta gaur, San Antolin Egunez, hurrengo urtera arte agurtu dituzte jai handiak.
Eskuak elkarri lotuta, irribarrea aurpegian dutela eta kantatzeko eta ondo pasatzeko gogoz jaitsi dira gautegiz arteagarrak San Antolin ermitatik parkeraino gaur, San Antolin egunez. Kalejiran osatu dute bidea, San Antolin eguneko tradizioak markatutako erritmoan, eta tartean euskal dantzak dantzatzeko geldialdietarako uneak hartuz. Parkera ailegatzerakoan, baina, jaia ez da gelditu, eta apar artean mugriltzeko aukera izan dute bizilagunek, herriko jaien ospakizunen azken egunean.Ā
Izan ere, abuztuaren 29tik gaur arteko egitarau zabala izan dute Gautegiz Arteagan. Gazte Egunegaz hasi zituzten jai handiak eguenean, eta paellak izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Eta bapo bete ostean, Mikel Retolazaren eta Aitor Etxebarriazarragaren bertsoez gozatu zuten bertaratutakoek. Gazte olinpiadek girotu zuten arratsaldea, eta Kuter, Leihotikan eta Jo Ta Ke erromeriak hartu zieten lekukoa. Dj Txapelgorrik borobildu zuen eguna.Ā
Artie dantza taldeak ere ikuskizuna eskaini du herriko jaietan, bariku arrratsaldean txupina jaurti aurretik dantzez bete baitzuten dantzariek plaza. Frontenis txapelketa lehiatu zuten gero, eta Mikosis, Kataia eta Zutik erromeria igo ziren oholtzara.
Zapatuan, Tabernazarre egunez, tortilla usainez eta zaporez bete zen parkea; hain zuzen ere, 41 tortilla aurkeztu zituzten lehiara, zazpi txikien kategorian, eta 34, aldiz, nagusienean.Ā Etxebarria aita-semeak arduratu ziren arratsaldea girotzeaz, arteagarrak mozorrotzen ziren bitartean. Mozorrotutakoek giro bikaina eroan zuten jaigunera eta Dj Jaikideren doinuei jarraitu zieten egin zuten desfilean.Ā
Bestalde, atzo eguerdian, Gautegiz Arteagako San Antolin jaien barruan emakumezkoen eta gizonezkoen Bizkaiko lokotx txapelketak lehiatu zituzten. Eta, iazko legez, Aritz Martin arratzuarra eta Esti Meseguer izan ziren onenak.