Areneko kiroldegia itxiko dute, mantentze lanak egiteko
Irailaren 1etik [domeka] eta irailaren 16ra [astelehena] bitartean, Areneko Kiroldegia itxita egongo da. Epe horretan, garbiketa "orokorra eta sakona" egiteaz gain, beste hainbat konponketa eta egokitzapen egingo dituzte.
Urtero legez, mantentze lanak egiteko helburuarekin, Bermeoko Areneko kiroldegiak ateak itxiko ditu irailaren 1etatik [domeka] 16ra [astelehena] bitartean, biak barne. Bermeoko Udaletik adierazi dutenez, instalazioak ixtea “ezinbestekoa” da beharrezko lanak egin ahal izateko.
Kiroldegia itxita dagoen bitartean, igerilekuak hustu, zirkuitu guztiak garbitu eta inguruak egokituko dituzte, besteak beste. Ur beroaren eta hotzaren zirkuituetan legionellaren aurkako tratamendua ere egingo dute. Horrez gain, intsektuen, arratoien eta mikrobioen aurkako DDD tratamendua ere ezarriko dute. Itxialdian garbiketa “orokorra eta sakona” egingo dute.
Bestalde, igerileku handiaren eta ertainaren zirkuituak banatu egingo dituztela jakinarazi dute, bakoitzak bere “zirkuitu autonomoa” izan eta ura tenperatura ezberdinetara jartzea posible izan dadin. Kirol Sailetik adierazi dutenez, “proiektu mardula” da, eta ezin da kirolegia zabalik dagoela gauzatu: “Epeak betetzea espero dugu, eta kiroldegiak bere ateak zabaltzen dituenerako ia guztia prest egotea”.
Era berean, itxialdia aprobetxatuta, kiroldegiko teilatuan ere mantentze lanak egingo dituztela iragarri dute, neguan arazorik ez izateko: “Batez ere, itoginak ekiteko”. Teilatuaz haratago, beste zenbait “konponketa txiki” ere badituzte aurreikusita: igerilekuan, biltegian, makina gelan, kiroldegiko kanpoko aldean eta aldageletan.