Gazteen eguna berreskuratuz
Bihar [abuztuak 29], Gautegiz Arteagako San Antolin jaiei hasiera emateko, bigarrenez Artiako Gazte Asanbladak Gazte eguna antolatu du, egunari "konnotazio herrikoi eta autogestioduna" emateko eta "gazteon eguna" berreskuratzeko.
Gautegiz Arteagako jaiak Gazte egunarekin batera jarriko dira martxan. Hala nola, bihar [abuztuak 29] goizetik hasi eta gauera arteko egitarau zabala prestatu du Artiako Gazte Asanbladak beste behin. Izan ere, duela urte eta erdi sortu zen gazte taldea, Gautegiz Arteagan gazteentzako zegoen espazio urria dela eta: “Gaztetxea itxi berri zuten, eta Arteagako gazteen giroa beherantza doala ikusten genuen. Jendea Gernika-Lumora joaten hasi zen, eta horri nolabait aurre egiteko elkartzea erabaki genuen”. Horrez gain, Artiako Gazte Asanbladak taldearen eraketan funtsezkoa izan zen beste arrazoi bat ere aipatu du: herriko euskararen erabileraren “beheranzkada”.
Egunari dagokionez, txosna 12:00etan irekiko duten arren, goizeko 10:30etan zabalduko da Paella Txapelketan izena emateko epea, eta horrekin batera, jai giroa. Berebizikotzat dute eguna Gazte Asanbladakideek, eta egitaraua antolatzearen helburua azpimarratu dute: “Jada bazegoen gazte eguna herriko jaien barnean, baina gure eguna berreskuratu nahi genuen, eta era berean, konnotazio herrikoi eta autogestiozkoa eman egunari”. Egitaraua, iazkoaren antzerakoa dela esan dute, baina aldaketa nabarmen bat ere badagoela. Hain zuzen ere, jokoetan: “Igez, jokoak publiko guztientzako jarri genituen, eta desastre hutsa izan zen. Beraz, gure eguna izanik, aurten gazteentzako soilik izango dira jokoak”. Gauzak horrela, “gazte olinpiadak” bezala izendatu dute ekintza.
Musika eta kanturako aukeraz bete dute egitaraua. Horrela da, bertso saioa ere izango dutela arratsaldean. Mikel Retolaza eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira arteagarren aurrean bertsotan bihar, alegia. “Iaz bi emakume etorri ziren, eta aurton, Lilibertsorekin harremanetan jarriz, Retolaza eta Etxebarriazarraga izango ditugu”, azaldu dute. Horrez gain, aurten musikarekiko apustu indartsua egin dutela erakustarazi du Gazte Asanbladak: “Udalak erraztasunak ematen dizkigun arren, ekonomikoki autogestionatu egiten gara, dirua guk jarriz”. Horren harira, beste hainbesteren artean, Leihotikan taldearen musikaz gozatzeko aukera egongo dela gehitu dute.
Jendea animatzeko deia zabaldu nahi izan du Gazte Asanbladak, eta aurreikusita dagoen eguraldi kaxkarrari aurre egiteko prestatzen ari direla adierazi dute: “Hainbat toldo jartzen gabiltza, egunean zehar dauden ekintza guztietarako ateriko lekua soberan izateko”. Kontzertuak ordea, “euritan dantzan” gozatuko dituztela aipatu dute. Jendearen aportazioa garrantzitsua da beraientzat gainera, izan ere, aipatu bezala, ekonomikoki independienteak dira, eta “zenbat eta diru gehiago irabazi txosnan, orduan eta zabalagoa izango da hurrengo urteko egitaraua”.
EGITARAUA
10:30-12:00. Izen ematea.
14:00. Paellen aurkezpena.
14:30. Sari banaketa.
Ostean. Bazkaria.
16:00. Bertso saioa.
17:00. Gazte olinpiadak.
22:00etatik aurrera. Kontzertuak.