Jaietan ere, bertoko kirolak sustatzen
Errenteriako jaietako egitarauean kirolak berebiziko garrantzia du, hain zuzen ere, bertoko kirolak. Horren erakusgarri dira antolatutako estropada, kukaña txapelketa edo piragua zeharkaldia.
San Bartolome jaietako irudi esanguratsuenetakoa da kukaña. Urtez urte jendetza erakartzen du Errenteriako Kukaña Txapelketak, baina azken urteotan estropada eta itsas zeharkaldiagaz eskutik helduta pasatzen ditu jaiak. Izan ere, bertoko kirolak, eta zehazki uretakoak, sustatzen dituzten jaiak dira sanbartolomeak.
Hilaren 22an lehiatuko dute Kukaña Txapelketa, 20:00etan hasita, baina parte hartu gura dutenek hasi baino hamar minutu lehenago izena eman beharko dute. 14 urtetik aurrerakoek parte hartu ahalko dute, eta hiru sari banatuko dituzte: 100 euro, 80 euro eta 50 eurokoak.
Kukañaren proba hori hasi aurretik, Laida eta Errenteria arteko piragua zeharkaldia egingo dute. Itsasadarraren edertasunaz bertatik bertara gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duen jarduera izaten da.
Parte hartzeko beharrezkoa da Twente tabernan izena ematea. Piragua norberak eroanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira, eta piragua alokatu behar dutenek 25 euro ordaindu beharko dituzte. Autobusez joango dira Laidara, 17:00etan Idigatik irtenda. Zeharkaldia begirale batzuek gidatuta egingo dute, beste behin.
Biharamunean, inguruko arraun elkarteetako kideek bereganatuko dute arreta. Seigarrenez lehiatuko dute Errenteriako Estropada, harrobiak sendo daudela erakutsiz. Iaz, esate baterako, Mundakako, Elantxobeko eta Lekeitioko Isuntzako arraunlari gaztetxoak aritu ziren, eta lehia sanoan, arraunaren balioak agerian utzi zituzten.