Errenteriarren egun berezienak
Jai Batzorderik izan ez denez, Gernika-Lumoko Udaletik prestatu dituzte San Bartolome jaiak aurten. Eguenan [abuztuak 22] hasi eta domekara [abuztuak 25] bitartean ospatuko dira.
Errenteriako jaiek ez dute euren esentzia galdu, eta aurten jai batzordearen eskutik antolatu ez badituzte ere, udalak ohiko jardueren aldeko apustua egin du, eta hutsik egin ezin duten jarduerak mantentzea erabaki du.
Abuztua San Lorentzo jaiekin hasi, eta Andra Mari eta San Roke jaien ostean, gernika-lumotarrek San Bartolome jaietarako indarrak gordetzen dituzte. Hala, hilabetea hasi modura, jai giroan amaitzen dute ume, gazte zein nagusiek. Hain zuzen ere, lau egunetan guztientzako ekintzak egongo dira, denek ala denek aspertzeko astirik ez baitute izango.
Iaz modura, Laida eta Errenteria arteko piragua zeharkaldiagaz hasiko dira sanbartolomeak, eta Kukaña Txapelketak hartuko dio lekukoa iluntze partean.
Abuztuaren 23an ere arratsaldean hasiko dituzte jarduerak. 17:00etan Mus Txapelketa jokatuko dute, baina ordu erdi lehenago izena eman beharko da. Parte hartzeko izen ematea 20 eurotan ipini dute. Sariei dagokienez, lehenengo lau bikote sailkatuentzako sariak egongo dira. Txapeldunek izen emateetatik bildutakoaren %50a jasoko dute, txapelekin batera. Bigarrenek izen emateetatik lortzen dutenaren %25, hirugarrenek %15 eta laugarrenek %10.
Txupina eta erromeria. Jaiak hilaren 22an hasiko badituzte ere, San Bartolome bezperan 20:00etan botako dute jaien hasiera iragartzen duen txupina. Jarraian, musikaz beteko dira auzoko bazter guztiak; eta, Sua taldearen erromeriagaz dantzarako aitzakiarik ez dute edukiko herritarrek.
San Bartolome egunez, berriz, dianagaz esnatuko da auzoa, 10:00etan. Meza ostean, ostera, trikitilarien txanda izango da, eta 13:00etan hasiko dute Elai Alai Dantzari Taldekoek euren emanaldia. Familian bazkaldu ondoren, klasikoetan klasikoena den San Bartolome Saria lehiatuko dute. Iluntze eta gau partea girotzeko eta berotzeko ardura, aldiz, Xaiborrek hartuko du. Bere musika errepertorio zabalagaz dantzan jarriko ditu ume, gazte zein helduak.
Jaietako azkenengo egunean, domekan, eguerdiko poteoa alaitzeko trikitilariak ibiliko dira txokorik txoko. Arratsaldean, umeentzako puzgarriak ipiniko dituzte, salto eta brinko nekatu arte ibiltzeko. Hala, aurtengo San Bartolome jaiak dj saioarekin agurtuko dituzte. Oraingo honetan, Dj Alex & Jon ariko dira aurtengo udako kantuak zein garai batekoak jartzen, errenteriar denen gozamenerako.
Abuztuak 22, eguena
17:00. VII. Laida-Errenteria
Piragua Zeharkaldia.
20:00. Kukaña eta piraguen harrera.
Abuztuak 23, barikua
17:00. Mus Txapelketa.
19:30. Errenteriako
VI. Estropada.
20:00. Txupinazoa.
20:00. Sua erromeria.
Abuztuak 24, zapatua.
10:00. Diana.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Kopaua.
13:00. Trikitixa kalejira.
13:00. Euskal dantzak, Elai Alai Dantzari Taldearen
eskutik, eta erraldoiak.
16:00. 72. Txirrindulari
Lasterketa.
20:30. Xaibor disko festa show.
Abuztuak 25, domeka.
13:00. Trikitixa kalejira.
18:00. Puzgarriak.
20:00. Dj Alex & Jon.