San Roke eguna bueltan da Bermeon
Bermeotarrek tradizioz ospatutako San Roke eguna berreskuratzeko asmoz, Udala eta Bermeo Tuna World Capital elkartea elkarlanean aritu dira, biharko [abuztuak 16] egitarau zabala prestatzeko.
Gernika-Lumoko jaiak puri-purian dauden honetan, Bermeon ere bihar [abuztuak 16] San Roke eguna ospatuko da. Betidanik ospatu izan da eguna herrian, tradizioz: “Arrantzaleentzat funtsezkoa izan ohi da beti, hegaluzea sasoian egonda”, adierazi du Udalak. Nahiz eta azken urteetan egun horrek herrian indarra galdu duen, aurten, Bermeo Tuna World Capitalen eta Udalaren elkarlaneri esker, berriz ere, indartuta etorriko da “itsasoan jaio den eta Bermeoko Talan ospatzen den” San Roke eguna.
Egunari 12:00etan emango diote hasiera Talan, hala ere, “nahi duenak goizago joan ahalko du, suak piztu eta marmitakoak prestatzen hasteko”, adierazi dute. Izan ere, “kuadrilan marmitakoak prestatzeko ohitura berreskuratzea” eta “gazteengana iristea” dute helburu. Horretarako, Talan txosna jarriko dute, jan-edanarekin, eta gainera, Kankinkabara Txistu Taldea arduratuko da giroa pizteaz. Erreleboa, ordea, Arrekatxutxa trikitilari taldekoek hartuko dute, kuadrilen arteko jokoak berotuz. Haurrentzat ere ahalbidetuko dute gune bat: “Puzgarriak eta tailer desberdinak egongo dira, umeak ere San Roke jaien parte izan daitezen”.
Bideo ugari ari dira partekatzen sare sozialetan, horren harira. Hala nola, aintzina San Roke Eguna nola bizitzen zen azalduz, eta horrela gazteengana helduz, beraiek ere bizipen horrek jakiteko.
Argazkien zozketa. Haurrentzat ahalbidetuko den txokoan, photocall bat ere egongo da, “argazki dibertigarriak ateratzeko”. Hain zuzen ere, argazkiak aterata, “BTWCen kontserba-sorta baten zozketan sartzeko aukera” ere egongo da. Horretarako, photocallean argazkia atera, eta sare sozialetan igo beharko dira, #SanRokeakBermeon eta #EtxekoAtuna hastag-ak erabilita, eta beti ere, Bermeoko Udala eta BTWCren profilak izendatuta.
Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikorako zinegotziak “San Roke Eguna Talan marmitakoa egitea baino gehiago” dela adierazi du. Lehen aipatutako bideoei ere egin die erreferentzia, izan ere, horietako batean honakoa entzun daiteke: “San Roke Egunean ohikoa zen kuadrilletan batzea jai eguna ospatzeko; arrantzaleek, gainera, jai eguna zeukaten, eta Talan batzen ziren sozializatzeko eta bikotekideak bilatzeko. Gaur egun ere, jai egunak ospatzeko, kuadrilletan batzen dira gazteak, eta hortaz, San Roke Egunean ere batu daitezke marmitakoak prestatu, eta era berean, herriko beste kuadrillekin sozializatzeko. Denborak ez dira horrenbeste aldatu”.
Maitane Leizaola BTWCeko zuzendariak ere hurrengoa adierazi du: “Bermeo Atunaren munduko kapitala dela diogu, Bermeo, bermeotarrak eta etxeko atunak harreman estua eduki dutelako beti. Batetik, hegaluzearen kostera oso garrantzitsua izan da eta da Bermeoko ekonomian, eta baita ere kulturan; eta San Roke moduko jaiek lotura hori begi-bistan jartzen dute. Kostera gelditu, atseden hartu, etxekoekin egon eta marmitakoa jan; hori, Bermeoko erara bizitzea zen eta da. Zeresanik ez gure kontserberen jardunean hegaluzeak daukan garrantzia, eta baita ere, urte osoan zehar itsaso handietan arrantza modu jasangarrian eginez, Bermeoren izena mundu zabalera eroan duten atunontzi izozkailuen lanak. Bermeotarrok ohiturak berreskuratu eta sektore honek daukan garrantziarekin jabetzea gura dugu”.
Hau guztia kontuan izanik, Udalak zein BTWC Elkarteak, herritarrak bihar Talara hurbiltzeko deia zabaldu dute: “Bihar, zuen kuadrila batu, eta etorri talara marmitakoa prestatzera”.