Odol ematea, inoiz baino beharrezkoago
Abuztuko datu urriak ikusirik, jendearen odol ematea "beharrezkoa" da. Horregatik, gaur [abuztuak 12] Gernika-Lumon eta etzi [abuztuak 14] Bermeon izango da ohikoa den autobusa, goizez eta arratsaldez.
Uda garaian, batez ere abuztuan, “odolaren erreserba oso urria” izaten da Euskaldiko Odol Emaileen biltegietan, eta aurten are gehiago. Izan ere, maila, onaren azpitik dago: aurreko hilabeteekiko %27 jaitsi baitira biltegietako datuak. Gauzak horrela, dei zabala egin da odola emateko. Busturialdean, Gernika-Lumon eta Bermeon izango da autobusa aste honetan: gaur [abuztuak 12] Gernika-Lumon, eta etzi, berriz, Bermeon. Ordutegiaren harira, goiz zein arratsalde egonen dira, 09:30-14:00 bitartean goizez, eta 16:30-21:00 bitartean arratsaldez.
Odolkideakeko kide den Amagoia L. de Larruzeak beharrezkotzat du odol ematea, eta bide batez emaile berriak gehitzea: “Biztanleriaren 2,3 baino ez da emailea, eta horrekin ez da nahikoa. Odola ezin da fabrikatu, eman baizik, eta horrela da, gure osasun sistema odolaren beharrizanean dagoela”. Transplanteak, transfusioak, istripuak, gaixo onkologikoentzat osagaiak eta abar luze baterako behar da odola, eta L. de Larruzeak gizartea “zaharkituta” ikusten du odol ematearekiko. “Jubilatzen diren emaileen ordezkorik ez dago”, aipatu du. Izan ere, “emaile fidelak” behar ditu gizarte honek, urtean 3-4 aldiz odola emango dutenak, hain zuzen.
Odolgaiak iraungi egiten dira, eta beraz, Euskadiko Odol Emaileen webgunean ikusi daitekenez, badira premia larrikoak diren odol motak: “O+, O-, A+, A- eta B- dira gehien erabilienak, eta beraz, horien falta ugaria dago”. Hau guztia kontuan izanik, jendea odola ematera animatzeko deia zabaldu dute azkenaldian, gizabanako bakoitzak “bizitza asko salbatzeko aukera” dugulako, eta “odol ematearen txanda batek hiru bizitza salbatu ditzakelako”.
Euskadiko Odol Emaileen webguneko informazioaz gain, 900303404 telefono zenbakia ere ahalbidetu dute emoileentzako.