"Herrimina izan da aurten parte hartzera bultzatu nauen akuilua"
Irabazteko asmo barik parte hartu du Ekain Mongek bigarrenez Gernikako jaietako kartel lehiaketan. Atzerrian bizi zela bidali zuen bere estilo propioari eusten dion ‘Bihotza’ kartela, eta garaipena lortu du.
Zer suposatzen du zuretzat Andra Mari eta San Roke jaietako kartel lehiaketa irabazteak?
Denetatik sentitzen dut; ohorea da epaimahaikideei neure kartela gustatu izan zaiela jakitea. Jaietako kartel lehiaketak umea nintzenetik erakarri izan nau; diseinua, posterrak eta parekoak beti gustatu izan zaizkit eta, alde horretatik, herriko jaien irudi izateko aurkeztu diren denetatik nire kartela onena dela ebatzi izana poz handiz bizi dut.
Irabaztea espero al zenuen?
Inondik inora, ez. Maila handiko lana egin dudala uste arren, jakitun izan behar naiz epaimahai bati gustatzea ez dela erraza.
Zerk bultzatu zintuen parte hartzera?
Iaz parte hartu nuen, estreinakoz. Azken hilabeteotan atzerrian bizitzen egon naiz, eta, kartela, kanpoan nintzela bidali nuen. Agian, herrimina izan da aurten parte hartzera bultzatu nauen akuilua.
“Lehen zirriborroetan konposizioari bihotz antza sumatzen nion; ; horrexegatik erabaki nuen kartela hala izendatzea”
Bihotza izena dauka kartel irabazleak. Deskribatu zenezake?
Lehen zirriborroetan konposizioari bihotz antza sumatzen nion; horrexegatik erabaki nuen kartela hala izendatzea. Beti izan dut karga sentimentala duten elementuekin lan egiteko joera; bihotz anatomikoak nire ekoizpenetan etengabe agertu dira. Prozesuak aurrera egin ahala, elementu batzuk aldatu nituen, baina, hasierako pieza bihotza zenez, izenari eutsi nion.
Zelako sormen prozesua izan da?
Lasaia eta erosoa, irabazteko esperantza barik aritu bainintzen. Azken urteetako kartel irabazleei erreparatuz gero, margolaritzagaz eta ilustrazioagaz lotuta egon dira gehienak; nire esparru artistikoak zerikusi handiagoa du diseinu grafikoagaz edo argazkilaritzagaz. Hasieratik, neure estilora moldatutako diseinua bilatu nuen: minimalista, modernoa, kolore lauak dituena. Ez da plazaratu ohi den estilorik ohikoena.
Nondik datorkizu ilustraziorako eta diseinurako zaletasuna?
Haurra nintzenetik, argazki kameragaz gogoratzen dut neure burua; diseinu grafikoko lehen lan txikitxoez ere oroitzen naiz. Diseinua, bestelako materialekin eta prozesuekin bada ere, betidanik egon da presente nire inguruan. Ikasketei dagokienez, alde humanistikoa aukeratu arren, mailaz maila beti hautatu izan ditut ikus-entzunezkoekin edo diseinuagaz loturiko langaiak. Diseinua ez da nire irtenbide laborala, baina bai gehien gozatzen dudan zaletasunetako bat.
“Jaietako kartel lehiaketaren aurtengo kalitate maila urterokoa besteko handia izan da”
Eduki al duzu gainontzeko kartelak ikuskatzeko tarterik?
Azken hiruzpalau urteetakoak beti ikusi izan ditut, baina aurtengoak ez. Edozelan ere, kalitate maila urterokoa besteko handia izan da, seguru. Sortzaile apartak aurkezten dira kartel lehiaketara.
Zein esanahi dute Gernikako jaiek zeuretzat? Modu intentsoan bizi al dituzu?
Esangura berezia daukate. Herritar batzuei beste batzuei baino gehiago mugiarazten dizkiete barrenak; nik intentsitate handiz bizi ditut. Egutegian gorriz markatuta eduki ohi dudan astea da, gainera, neure urtebetetze ospakizunagaz bat egiten duena. Beraz, udaren gailurretako bat dira niretzat: egun seinalatuak.
Jaiekin lotutako estreinako oroitzapena gogoratzen al duzu?
Une konkretuak barik, lehen sentsazioak nabarmenduko nituzke: uda, abuztuaren beroa, egun eguzkitsu eta luzeak. Kamiseta zuriak eta jaietako zapiak datorzkit burura, barraketako argiteria eta lagunekin goitibehera lasterketa ikustea. Une horiek gogoratzea eta transmititzen didaten poza da niretzat inportanteena.
“Eguneko eta gaueko egitarauek, biek, xarma propioa dute, oso bestelakoak dira”
Eguneko egitarauaren zalea zala, ala gautiarragoa?
Biek xarma propioa dute, oso bestelakoak dira. Nerabezarora jauzia egitean, banpiroen parekoak ginen: gauez baino ez ginen kaleratzen. Urteen poderioz, egunean zehar egiten diren egitasmoak baloratzen hasi ginen. Horiek ere gustuko ditut.
Ba al dago bereziki gustuko duzun edota modu intentsoan bizi duzun ekimenen bat?
Intentsitate aldetik, txosnetako giroagaz geratuko nintzateke. Hainbat saltsatan sartuta nabil, eta ardurak edukitzen ditut txosnetan. Horrek asko izaten du intentsotik, kudeaketari dagokionez. Bezperada eguneko kuadrillen bazkaria ere maite dut: beti ederto pasatzen dut, eta kuadrilla barruan urtean zehar gutxiago harremantzen naizen lagunekin egoteko une aproposa da.
“Iruditzen zait beste herri askotan lotsagabeagoak direla”
Jai idealak izateko, zer botatzen duzu faltan?
Batetik, iruditzen zait beste herri askotan lotsagabeagoak direla. Adibidez, lehen galtzontzillo eta kulero lasterketa egiten zen. Beste herri askotako mozorro egunean, kuadrillek karrozak prestatzen dituzte, taldean apaintzen dira, eta bestelako batasunez disfrutatzen dute; hori ez da gertatzen geurean. Bestetik, txosnekiko atxikidura eza sumatzen dut: txosnak eta herri mugimendua ezerezetik sortzen diren ustea dago. Errealitate hori aldatu beharko genuke, txosnetan urtero ikusten baititut tabernetan hainbeste ematen ez diren jarrerak.