Natxituko jaiak, lau eguneko egitarauarekin
Abuztuak 14, 15, 16 eta 18. Horiek izango dira Natxituko jaien egitarauak batzen dituen egunak, ekintza desberdinez gozatzeko.
Eako auzoak lau eguneko egitaraua prestatu du auzoko jaiak ospatzeko ideiarekin. Eguaztenean [abuztuak 14] hasi eta zapatura [abuztuak 18] arte iraungo du Eako Udalak eta Natxituko jai batzordeak antolatutako egitarau zabalak.
Marmitako txapelketarekin hasiko dira jaiak eguaztenean, 11:30etan lehiaketari hasiera emanez. Marmitakoaren aurkezpena 14:00etan izango da, ordea. Aurkezpena bukatutzat eman eta jarraian Gu ta gitarrakek girotuko du auzoa. Haurrentzat ere jolasak izango dira, hala nola, kirol erakusketak: 18:30etan umeen pelota ikuskizuna izango baita frontoian. 20:00etan berriz, Gurutzeganetik jaitsiera egingo dute, horrekin batera ikurrina altzatuz. Plaza dantzak, kantak eta abarrek girotuko dute arratsaldea, eta gaba, berriz, Eingo erromeriak.
Hurrengo egunean ere, goizetik hasiko dira ekintzak auzoan. Txistulariek lagunduz, kalejiraz gozatu ahal izango dute auzotarrek eta hurbilduko diren guztiek. Bertsolariak ere izango dira: Aitor Etxebarriazarraga eta Onintza Enbeita, hain justu. Beste behin, haurrentzak jolasak, puzgarriak eta mozorro desfilea ere aurreikusten da auzoan, eta gaba berriz ere musikak hartuko du, Dj Bullen saio bikoitrazarekin: Lehenik gazteentzat, eta ondoren, nagusientzat.
Hildo berdina jarraituko dute beste egun biek ere: musika, dantza eta giro itzela gailenduz. Kirola egiteko aukera ere badu egitarauak, azken egunean [abuztuak 18] antolatutako Natxitukue ibilbidearekin. Abuztuaren 16an, gainera, herri bazkaria izango da. Horretarako ohar garrantsitzuak jakinarazi dituzte antolatzaileek. Hala nola, abuztuak 11 dela izena emateko azken eguna, 645703737 zenbakira deituz ala idatziz. Menuaren inguruan “pasta entsalada, sukalkia eta pantxineta” izango da, eta beti ere 14 urtera artekoek “umeen menua” eskatu ahalko dute.