Gernika-Lumoko jaietako erasoen aurkako protokoloa aurkeztu dute atzo
Udalak barne protokoloa idatzi du, eta Txosna Batzordearen aterkipean, Itaiak, Enbatak eta Sare Feministak ere ondu dute protokoloa. Jai eremu "segurua" bermatzeko, brigadetan ibiliko dira, besteak beste. Horren inguruko xehetasunak aurkeztu dituzte Pasilekuan, atzo.
2016az geroztik, ohitura den moduan, eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatuko dute Gernika-Lumoko jaietan, eta horren inguruko xehetasunak eman dituzte atzo Pasilekuan. Lurgorriko jaiekin hasi eta Andra Mari eta San Roke jaiak amaitu arte egongo da martxan aipatutako protokoloa, abuztuaren 10etik hilaren 18ra bitartean, hain zuzen ere. Udalak barne protokoloa idatzi du jaietako erasoei erantzuteko, eta Txosna batzordearen aterkipean, Itaiak, Enbatak eta Gernikako Sare Feministak ere protokoloa ondu dute, eta norbanako emakumeak ere gonbidatu dituzte parte hartzera.
Orain arte funtzionatu izan duena mantendu egingo dute emakume taldeek. Modu horretan, 24 orduko arreta zerbitzua eskainiko duen tefonoa egongo da martxan. Izan ere, erasotua izan daitekeen emakumeak segidan nora deitu edukitzeko bitarteko bat sortua zuten, eta sorreran egin moduan, argi dute hori beharrezkoa dela: “Salaketa bat aktibatzeko bitartekoa da”. Horrez gain, telefonoak momentuan esku hartzeko balio die, erasotzaileak atzemateko eta kanporatzeko.
Profesionalen laguntza
Aurton, erasoa jasan dutenek nora joan izan dezaten, erreferentziazko leku bat ahalbidetuko du Udalak. Puntu more bat ezarriko dute San Lorentzo zein Andra Mari eta San Roke jaietako eraso matxisten inguruan sentsibilizatzeko, informazioa emateko eta horiei erantzuteko: “Helburu nagusia da premiaz jardutea eta arreta pertsonala, jarraitua, espezializatua, integrala eta koordinatua ematea, genero indarkeriaren biktima direnei”. Abuztuaren 10ean eta hilaren 14tik 17ra bitartean jarriko du informazio gunea: “Informazio gune bat jarriko da karpa batean, eraso matxistei aurre egiteko. Emakumeak eta LGTBI kolektiboko pertsonak elkartzeko eta laguntzeko gunera joan ahal izango dira, eta genero indarkeriaren arloan esperientzia duten psikologoek artatuko dituzte. Ekimenaren helburua da komunitatea indarkeria matxistaren eta LGTBIren aurkako borrokan inplikatzea, erasoen aurrean behar bezala jarduteko funtsezko informazioa emanez. Biktimak edozein jazarpen mota salatzea erabakitzen badu, protokolo espezifiko bat aplikatzeko gaitasuna duten langileek emango diote arreta”.
Horrez gain, Bidebusaren gaueko zerbitzua jarriko da martxan, abuztuaren 14tik 17ra bitartean, 22:00etatik 06:00ra arteko ordutegian. Eskariz gelditzeko aukera ere eskainiko zaie, bereziki emakumeei, “gauez bakarrik ibiliz ibilbideak laburtzeko”.
Erasoei aurre hartu
Horiek horrela, erasoei aurre hartzeko protokoloa prestatu dute emakume taldeek, eta brigadak antolatu dituzte Itaiako, Enbatako eta sare feministakoek: “Guretzat ona da profesionalak lan horretan aritzea, eta beharrezkoa da, jaietan eraso asko ematen direlako, normalean baino gehiago. Hala, udalak arreta profesionalizatua jarriko duenez, egoera horren aurrean, erabaki dugu brigadetan antolatzea”. Hori bakarrik eginda, zerbitzua “hankamotz” geratzen dela uste dutelako, horrek ez duelako bermatzen erasoak ez gertatzea. “Azken finean, puntu more hori erasotuak izan diren emakumeei arreta emateko da. Baina erasotzaileak libre geratzen dira”. Horregatik elkartu dira emakumeen taldeak. “Guk uste dugu lan hori herritik egin behar dela, eta ondo dagoela herriak berak horretarako iniziatiba hartzea”, azaldu dute.
Brigadetan arituko direnek, berritasun bat izango dute: “Aurten txaleko arrosa izango dugu”. Horrela aritzeak “eremu zabalago bat hartzeko” balioko diela gehitu dute, txosnagunean egoteaz gain, tabernen kaleetara ere joan ahalko direlako. Hala, laguntza behar dutenei laguntzeko aukera izango dute dauden lekuan daudela, eta herritarrentzat ere errazagoa izango da eurengana hurbiltzea. “Lehen harrerarako lekuan egon arren, brigadetan ari garenean norbait gerturatuz gero, lagundu egingo diogu. Adi ibiliko gara zeozer ikusiz gero, lehenengo harrera hori eskaintzeko”.
Eraso bat gertatzean erantzutea izango da euren lana, baita erasotzailea gune horretatik kanporatzea ere. Salaketa soziala momentuan bertan egingo dutela aurreratu dute, eta hurrengo egunean ere kalera aterako dira, “eraso matxisten aurkako jarrera erakustera”.
Protokoloa ahalik eta eraginkorrena izan dadin, Txosna Batzordea eta ostalariak konplize dituzte emakumeen talde eragileek, eta denen artean lanketa sendotzen jarraitzen dute. «Txosnetan arduradun bat egoten da, eta badaki zer egin. Tabernariei ere eskatzen diegu zerbitzari berriei protokoloa azaltzeko. Elkarlana funtsezkoa da», azpimarratu dute eragileek.
Leku segurua
Erasoei erantzuteko protokoloa zehaztu arren, erasorik ez egotea eta jaien eremua leku “segurua” izatea bermatu gura dute. “Lekua segurua izatea da gure asmoa, eta protokoloa beharrezkoa da horretarako”, diote. Baina, leku segurua izan ezean, zer egin? Galdera horri buruz ere asko hausnartu dute, eta lanketa sakona egin dute. Aurreko urteetako erantzun bat emateko oinarriez gain, beste neurri batzuk ere landu dituzte. Esaterako, iaz jaia gelditu zuten zenbaitetan, eraso bat baino gehiago egon zirelako, eta aurten ere hori egin edo ez aztertzen aritu dira. “Hori ere erasoen aurkako edo erasoak saihesteko lanketa bat da. Jendeari jakinarazi egin behar zaio eraso bat egon dela. Asko baloratu beharko dugu erasoren bat, bi edo gehiago ematen direnean, zein den dagoen giroa, jendeak zelan erantzuten duen, adi badago, edo errespetua nabaritzen den”, nabarmendu dute. Horrela, txosna gunean sirena entzuten bada “adi egoteko” deia egin dute, eraso bat pairatu dela jakinaraziko baitu horrek.
Erasoei erantzunak eman beharrean, horiek ekiditzea bilatu gura dute, eta horretarako “ezinbestekoa da” jendearen inplikazioa: “Jendea inplikatzea garrantzitsua da gune seguruak bermatzeko. Jendea kontzientziatu beharra dago edozein motatako erasoak saihesteko”.
Emakumeen taldeak “lehen lerroan” ariko dira eta horregatik, “whatsapp talde zabal bat” sortu dute, eta “herriko emakumeak horretan sartzera animatzen” dituzte. Brigadetan, ordea, orokorrean, emakume zein gizonezkoei dei egin diete leku seguruak sortzen laguntzeko: “Denon artean eraiki behar izaten dira leku seguruak, elkar zaindu behar dugu. Ez da zerbait gertatu ostean bakarrik batu behar, denok daukagu ardura”.
Bide luze bat dago egiteko, baina protokoloak duen erantzunagaz pozik daude eragileak, identifikatu egiten dituztelako eta urtero jende gehiago gerturatzen delako eurengana.
24 ORDUKO ARRETA
Erasoak jakinarazteko edota salatzeko telefono zenbakia 24 orduz egongo da erabilgarri, hilaren 11tik 18ra. Deitzen duenak laguntza, babesa eta informazioa jasoko du: salaketa bat jartzeko zer behar duen, Osakidetzara edo ospitalera badoa zer eskatuko dioten, zer egingo dioten…