Santa Maria eliza musikaz beteko da
Gaurtik [abuztuak 6] hasi eta barikura [abuztuak 9] arte, Bermeoko XXXIX. Nazioarteko Musika Astea dela eta, Santa Maria eliza musikaz blai egongo da.
Doako lau kontzertu eskainiko dira Nazioarteko Musika Asteari esker Bermeon aste honetan zehar: Zaruk, Duo Dolmen, Ibai Pijoan + Gus McQuade eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira, eta esan bezala, dohainik izango dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Oizmendi telebistaren laguntzarekin antolatzen da jada Nazioarteko Musika Astearen XXXIX. edizioa.
Bermeoko Udalak antolatzen duen programarik “zaharrena eta arrakastatsuena” da, eta hartara, estilo desberdinetako musikaz gozatzeko aukera izango da Bermeon. Gaur [abuztuak 6] Zaruk bikoteak emango dio hasiera horri. Bihar [abuztuak 7] berriz, Duo Dolmenen txanda izango da. Etzi [abuztuak 8], Ibai Pijoan + Gus McQuadek hartuko dute Santa Maria eliza eszenatokitzat, eta azkenik, barikuan [abuztuak 9], Bilbao Orkestra Sinfonikoko kide batzuk izango dira Bermeon.
Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu Santa Maria elizako kontzertuetara, “kalitatezko musikaz” gozatzeko aukera izango baita.