Dominarik gabe, baina txapeldun hutsa
Naia Laso, 15:00etako klasifikazio txandetan finalerako txartela lortu eta 17:30etako finalean lehiatu da, Joku Olinpiarretako Skateko `Park´ modalitatean zazpigarren postua eskuratuz, eta beraz, diploma olinpikoarekin Bermeora itzuliz.
Joku Olinpikoetan skateko `Park´ modalitatean finalera heltzen den lehen euskalduna da Laso. Orain arte ez da emakumerik zein gizonik heldu modalitate horretako Joku Olinpiko batzuetako finalera. Hala nola, 15:00etan, klasifikazio txandetan skater bakoitzak hiru saiakera izanik, bermeotarrak bigarrenean denbora barruan bukatzea lortu du, 82,49ko puntuazioa lortuz, eta beraz, klasifikazio txandan lehiatu diren hogeitabi skaterretatik finalera pasatzen ziren zortziren artean kokatu da. Zazpigarrenean, hain zuzen.
Arratsaldeko finalean ere postua errepikatu du Lasok. Zazpigarren, berriz. Kasu honetan, zaurituta lehiatuz, ordea. Izan ere, klasifikazio txandetan, bizkarrean min hartu omen du, baina horrek ez dio lehiatzeari uztea eragin. Hiru saiakera zituen skater bakoitzak, berriz. Lehenengo bietan jausi den arren, hirugarrenean denboraz amaitu du, eta oraingo honetan 86,28 puntu lortu ditu. Ez da podiumean geratzeko nahikoa izan, hala ere, txapeldun hutsa da: 15 urte izanik, eta min hartuta lehiatu izanik, diploma olinpikoa oso merezia du Naiak.