Bermeoko liburu azoka harrera ona izaten ari da
Abuztuaren 2tik [barikua] 11ra [domeka] dago Bermeoko Lameran urteroko liburu azoka, eta lehenengo egunetan zehar jasotako jendearen erantzuna "oso positiboa" izan da.
Euskadiko Liburu Ganbarak eta Bermeoko Udalak antolatutako Liburu azoka martxan dago joan den barikutik, eta datorren domekara arte [abuztuak 11] egongo da aukera gerturatzeko. Bermeoko Lameran dago azoka kokatuta, eta ordutegiari dagokionez, goizez eta arratsaldez irekitzen dute: Goizetan 11:00etatik 14:00etara bitartean, eta arratsaldean berriz, 17:00etatik 21:00etara.
Asier Muniategi Euskadiko Liburu Ganbarako kideak, lehen asteburuko balorazio positiboa egin du: “Oso ondo joan da. Pozik gaude. Bermeoren erantzuna oso ona izan da, betiko moduan, eta aurten ere azoka bikain hasi da”. Eguraldiak ere beraien alde egin duela dio, “herriko kaleetan jende gehiago ikusten baita” eguraldi onarekin.
Azokan hainbat liburu begiratzeko, eta erosteko aukera dago: “Denetarik dago, marrazkidun ipunetatik hasi eta gaur egun oso entzunak diren nobeletara arte”. Hala nola, txikienentzat aukera anitza eskaintzen du azokak haur eta gazte literatura atalarekin, “beraiek eskatzen dituzten pertsonaiak” aurkitu omen dituzte lehen egunetan. Nagusienen artean ere hainbat aukera daude, bai euskaraz eta baita erdaraz ere. Karmele Jaioren Maitasun Kapitala nabarmendu du Muniategik, euskarazko liburuen artean gehien saldu dena delako azken boladan, “zalantzarik gabe”. “Begoña Madariagaren Maitasun Zitalaren Kontra edo Amets Arzallusen Miñan ere asko saldu dira, besteak beste”, jarraitu du Euskadiko Liburu Ganbarako kideak.
Erdarazko literaturan sartuz, ordea, Mikel Santiago da egile eskatuena azokako egun hauetan. Badirudi, ordea, ez dela soilik oraingo gauza: “Beti gertatzen da. Gizartean gero eta entzunagoa da Santiago, eta azoketan beragaitik galdetzen du jendeak, noski”. Joel Dicker ala Manel Loureiroren izenak ere entzun dira Bermeoko lameran azken egunotan, “batez ere trilogiak ala sagak idazten dituzten idazleak” entzuten omen dira ugari.
Muniategik jendea animatzeko deia zabaldu nahi izan du, eta beste behin eguraldiari keinu ere egin dio: “Ea eguraldi honek jarraitzen duen, jende gehiago erakartzeko”.