Bermeoko jaiek adin guztietako herritarrentzako programa zabala eskainiko dute
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra bitartean ospatuko dira Bermeon, urterolez, eta Udaleko, Jai batzordeko eta Txosna batzordeko kideek adin guztietako herritarrek jaiekin "bete-betean gozatzeko" egitarau zabala aurkeztu dute.
Gaur [abuztuak 6] aurkeztu dituzte Bermeoko jaiak Nadia Nemeh Shomaly alkateak, Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak, Arantza Ormaza Tarantino Berdintasuneko zinegotziak, Maite Caruezo Ugalde Gazteriako zinegotziak eta Jai batzordeko eta Txosna batzordeko kideek. Hala nola, “gustu guztietarako jarduerak” antolatu dira herritarrentzako: kontzertuak, su artifizialak, play-back lehiaketak, herri bazkaria, kuadrilen jaitsiera, herri kirolak, eta abar luze bat.
Etxebarriak Jai batzordeko kideen lana eskertzen hasi du hitzaldia: “Bermeoko jaien berezitasuna da herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak direla, eta herritarrak antolatutako hainbat ekimen daudela”. Era berean, Txosna batzordearekin izandako “elkarlana” ere nabarmendu du, jaiak “osasuntsuagoak izaten laguntzen” duen elkarlana baita.
Jai giroa berotzen hasteko, irailaren 4an [eguaztena] Itsasoko Gurutze Gorriak Martillo kaian antolatutako Itsaso Eguna jorratuko da, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta irailak 6a barikua izanik, 18:00etan XLII. Bermeo Hiria Open Bizkaia esku pilota txapelketa izango dugu Artza frontoian, eta jarraian, 20:00etan txosna gunearen zabalera izango da, txupina jaurtita. Kuadrilen arteko jokoak egiteaz gain, Mirua eta Alai taldeen kontzertuekin girotuko da gaua.
Inklusibotasuna. Jaien hasiera berritasunez josia dela adierazi du Kultura zinegotziak: “Xixiliren aurkezpena eta alkatearen pregoia, ohi den baino bi ordu lehenago izango da aurten. 20:00etan hain zuzen”. “Jai inklusiboak egiteko asmoz” aurreratu da ordutegia, horrela “herriko txikienek ere jaien hasieraz gozatu dezaten”. Inklusibotasunaren hildoan jarraituz, aurten ere, zeinu hizkuntzan ere eskainiko dute pregoia.
Bestalde, aurten Almika auzoak, normalean baino pisu handiagoa izango du Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Izan ere, irailaren 7 eta 8rako hainbat ekintza antolatu dituzte: untxi sukalki eta irrintzilari txapelketak, herri kirolak, eta batez ere, txosna batzordeak antolatutako berritasun gisan datorren herri bazkaria. “Aurten Almikan izango da herri bazkaria, jaitsiera hortik hasten baita, Incansables txarangarekin batera”. Jaitsieran zehar, 19:00etan Topa egingo da Erriberan, Sarek antolatuta.
Ohiturari eusten. Ohikoa den bezala, aurten ere irailaren 8an, Andra Mari egunean, Udalbaltzako kideak Almikerantz abiatuko dira “Kankinkabara Txistu Taldea, Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Alkartasuna Dantza Taldea eta Aiarako musika bandarekin”. Han, ohorezko aurreskua eskainiko zaio udalbaltzari, eta horrez gain, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia izango da. Baita ere, Gaztelugatxe Tanborrada Taldeak “lehenengoz antolatutako” umeen danborradaz gozatzeko aukera izango da, eta egunari bukaera emateko, Lameran Hola Raffaella taldearen kontzertua izango da.
Irailaren 9arekin batera, bermeotarrentzako hain garrantsitzua den eguna dator. Arrantzale Eguna. Lamera Gane Txokoaren eskutiko lore eskaintza, aurreskua eta omenaldia egingo dira eguna hasteko, Portuzarrean. 13:00tan ordea, aurresku eta zabaletakoen txanda izango da, Taraskari lorak eskaintzeko jaitsierarekin batera. Arratsaldean zehar, giro musikatua izango da herrian, Debrass Band txaranga eta Zazpizar taldearen erromeriari esker. Gazteria zinegotzia den Maite Caruezok zera gehitu nahi izan dio Arrantzale egunari: “23:00etatik aurrera, liburutegiaren ondoan Testing programa Ai Laket!-ekoak egongo dira, drogei buruzko informazioa eta analisi zerbitzua egiten”.
Sukalki eguna aurten lehiaketarik gabe datorren arren, ospatu egingo da Talan, eta eguna alaitzeko hainbat ekintza antolatu dira eta gainera, arratsaldean, estropaden txanda izango da, XLII. Ikurriña Bermeoko uretan jokatuz.
Txosna eta Txosna Txiki. Irailaren 6tik 16ra zabalduko da txosna gunea aurten, eta txosna batzordeko kideek horretan parte hartu duten eragileen berri eman dute: “Aske antolakundea, Mugimendu Sozialista, Ernai eta San Frantzisko Herri Eskolako Famili Elkarteak hartuko dute parte aurten”. Kuadrilen arteko ekintzak, lehiak eta musika asko izango da txosnetan. Izane ere, Katu, Eñaut Elorrieta, Amorante eta beste hainbat gonbidatu izango dira, eta aitortu dutenez, “oraindik iragarri ezin diren beste batzuk ere izango dira”. Berritasunak ere badaude, noski. San Frantzisko Herri Eskolako familia elkarteak, aurten, Txosna Txiki antolatu baitu: “Egunero, arratsaldez txikienentzat prestatutako egitarau bereziarekin gatoz Txosna Txikin”. Hala nola, margoketa tailerrak, ikuskizunak, txotxongiloak, Motx pailazoaren emanaldia eta Ross diskofesta bezalako aukeren apustua egin dute, “haurrek ere herriko jaiez gozatzeko” helburupean.
Azkenik, Berdintasun Saileko zinegotzia den Arantza Ormaza Tarantinok, aurreko urteko zerbitzu berdinak egongo direla adierazi du. “Bermibus Gautxoria eta Puntu Morea izango dira, bestak beste”. Bermibus Gautxoria irailaren 7,9,13 eta 14an egongo da martxan, gaueko 00:00etatik goizeko 05:00etara. “Nahiz eta geltoki finkoak izan, beti izango da aukera gidariarekin hitz egiteko eta nonbaitera hurbiltzeko”, adierazi du Ormazak, herriaren segurtasuna sustatzeko asmoz. Puntu Morea ere, egun berdinetan egongo da abian, kasu honetan 00:00etan hasi eta 04:00rak arte, “zalantzak argitzeko edota laguntza eskaintzeko, behar bada”.
Nadia Nemeh Shomalyk hartu du hitza aurkezpena bukatzeko, eta “bermeotarrok jaiak bizitzeko dugun era berezia” goraipatuaz batera, hurbiltzeko eta jaiez “errespetuz gozatzeko” deia zabaldu nahi izan du.