Gabriel Arestik Mundakan igarotako denbora eta herriaren historia ulertzeko ibilbide gidatuari ekin diote
Gaur eguneko Mundaka ezagutzeko ezinbestekoa da iraganera bidaiatzea, eta beraz, Gabriel Arestik herrian igarotako denbora ere ulertzea. Horregatik, Edorta Jimenez Mundakar idazleak gidatutako ibilbidea egin dute gaur [abuztuak 2].
10:00etan Mundakako plazan gelditurik hasi dute ibilbidea han batutakoek. Edorta Jimenezek gidatutako ibilbide honetan, Mundakaren historiara bidaiatzeko aukera izan dute gerturatu direnek, eta bide batez, “Gabriel Arestiren poesian eta bizitzan hain erabakiorra izandako herriaren xehetasunak” ere ezagutu dituzte. Mundakar idazleak Gabriel Arestiren Mundaka eta euskerarekiko miresmena aitortu du: “Herriko hizkuntzetan etengabe murgiltzeko nahia zuen Arestik”.
Ibilbidea “Mundakako toki esangoratsuenetatik” igaro da. Horietako bakoitzean geldituz, eta idazlearen istorio edo anekdotak entzunez. “1963ko Mundakan kokatzeko azalpen bat” eman du lehenik Jimenezek, eta ondoren, Gabriel Arestik herriaren inguruan idatzitako poemen inguruan ere hitz egin du, horien eduki zein teknika bereziak aipatuz.
Bi txandatan banatu da ibilbidea. Lehenengoa “bera egon zen etxean” bukatu da. Hain zuzen ere, Martin Arrizubietaren etxean. Maiona parkean eseri dira ibilbidearen zati bien artean, eta hor, Arrizubieta nor izan zen azaldu die Jimenezek gerturatutakoei. Ibilbidearen bigarren txandari talara joanez ekin diote, bertan, herriko aipamen pare bat irakurriz: “Mundakako aipamena lehenik, Izarokoa ondoren”.
Ibilbideari amaiera emateko, Jimenezek Mundakan gaur egun dagoen garai horretako taberna bakarrera joateko gonbidapena luzatu die bidelagunei, “giroan barneratzeko”, eta horrela, “ibilbidean esandako guztia hobeto ulertzeko”.