Sukarrieta, jaien bezperan
Abuztuak 2 [barikua] eta 3 [zapatua] izango dira Sukarrietako jaien giroaren testigu, beste urte batez.
Obrak direla medio, zortzi urtez bertan behera gelditu izan dira Sukarrietako jaiak. Joan den urtean hartu zioten berriz ere erritmoa, eta arton ere jarraitzen dute horrekin. Parkea berriz beteko da jendez, izan ere, goizetik gauera arteko egun sendoak antolatu dituzte, egitarauaren arabera. Antolatzaileek hurbilduko diren herritarrei disfrutatzeko deia egiten die: “Giro ona, errespetua eta berdintasuna nahi ditugu jaien ardatz bezala. Herritarrak zein kanpotik datozenak berdintsu disfrutatzea gustatuko litzaiguke”.
Egitarauari buruz, barikuan, goizeko 10:00etan emango diote hasiera jaiei, txupinazoarekin. Horrez gain, umore rallya eta tortillada bezalako ekintzez gozatzeko aukera ere egongo da egunean zehar. Iluntzean, urteroko playback lehiaketa izango da, eta amaitzean, Ms eta Misterraren hautaketa, 00:00ak aldera. Zapatua ere, mugimenduz jositako eguna izango da Sukarrietan. Batik bat, haurrentzako jokoak eta mus txapelketa antolatu dutelako, eta horretaz aparte, zumba, mozorro lehiaketa eta koadrilen jaitsiera ere ahalbidetu dituzte. Beste behin, musikaz beteriko gau bat biziko dute herritarrek, berbenari esker.
Sukarraun. Joan den urteko jaiekiko antzekotasun handia duten arren, badago desberdintasun bat ere: “Aurten Sukarrietako arraun klubaren partaidetza dugu, eta beraiei esker itxas jaia antolatu dugu”. Izan ere, barikuan, 16:00etan, batel estropadak egongo dira Sukarrietako itsasoan.