Muxikako San Roman auzoko jaiak, heltzear
Abuztuak 2 [barikua], 3 [zapatua] eta 9rako [barikua] auzoa girotzeko egitarau zabala antolatu du San Romaneko Jai Batzordeak.
Muxikako Udalaren laguntzarekin, San Romaneko Jai Batzordeak hiru eguneko egitaraua antolatu du auzoan. Lehen barikuarekin hasiz, arratsaldean emango zaio hasiera jai giroari. Kasu honetan, Txirrindulari lasterketa izango da horren arduraduna. XLVII. San Roman saria izango da jokoan. Horrez gain, musikaz gozatzeko 20:00etatik aurrera pintxopote musikatua antolatu dute.
Zapatuan ordea, goizetik hasi eta gauera arte daude ekintza desberdinak antolatuta, 11:00etan txupina bota ondoren. Tortilla txapelketa, herri kirolak, mus txapelketa eta irrintzi lehiaketa dira aurreikusitako ekintzetako batzuk. Hala nola, herri kirol erakustaldia ere izango da 13:00etan Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteren eskutik. Horretan, Gari Elorriaga, Uxue Lejarzegi, Ander Larrucea, Itxasne Apraiz, Julen Iturraspe eta Ainize Perez zuzenean ikusteko aukera izango da. Gauean ordea, musika gaua izango da nagusi, Gauargi eta Dj Aaron XTYX gonbidatuekin.
Hurrengo astean ere jaiak jarraituko du auzoan. Barikuan, alegia. Egun osoko ekintzak antolatu dituzte. Besteak beste, San Romaneko II. Kronoigoera. 19:00etan hasiko da, eta edozein adineko jendeak parte hartu dezake, izan ere, bi txanda egingo dira: 16 urtera artekoena lehenik, eta nagusiena ondoren. Izena emateko epea abuztuaren 7ra arte egongo da zabalik. 21:00etan, behin lasterketa bukatuta, sari banaketak eta zozketak egongo dira. Kiroletatik berriz ere musikara pasatuko dira San Roman auzoan, izan ere, 21:30etan erromeria izango da Itzalen eskutik.
Gainera, zapatuan, euskotrenek zerbitzu bereziak izango ditu irispena errazteko helburuarekin. Bermeora joateko 23:04, 00:35, 02:35, 04:35 eta 06:35 izango dira ahalbidetuko diren ordutegi bereziak. Bilborako norantzan berriz, 00:03, 01:43, 03:43 eta 05:43.