Horiz jantzitako herria
Ean, uztailaren 27an [zapatua] Txipiroi Swim itsas zeharkaldia jorratu zen lau urte eta gero. Antolatzaileek “zoragarri” bezala definitu dute ekitaldia, beste behin.
Goizeko 11:00etan hasi zen giroa Ean. Txipiroitxu Swimen parte hartu zuten txikiek probatu zuten itsasoa lehenik 300 metroko ibilbidearekin, eta beraien ostean hasi ziren nagusiak itsas zeharkaldiarekin, 3.000 metroko ibilbidea eginez. Dena zegoen herriaren alde, izan ere, Gorka Gabiña antolatzaileak aipatu bezala “itsaso itzela” zegoen. Giroa berotzeko txistulariak eta dantzariak ere izan ziren Bizkaitar kostaldeko herrian, eta “dantzariek parte hartzaileak itsasoratu aurretik agurra dantzatu zieten”.
Antolatzaileak pozez gainezka daude aurreikusitakoa gainditu dutelako: “Zoragarria izan zen. Ezin hobeto irten zen dena. Jende asko, eta danak gogotsu laguntzen. Auzolana izan zen, zalantzarik gabe”. Hala nola, herriaren babesa nabarmendu nahi izan dute eta bide batez hurbildu ziren guztiei eskerrak eman: “Beraiek barik ez dago, beraz eskerrik asko denoi”.
Marea horia. Txipiroi Swimen parte hartzen duten guztiek kamiseta bat jaso ohi dute oroigarritzat, eta “aurton kamiseta hori horia izan da”. Horrela, herrian itzelezko marea horia ikusi zen, eta horrek ere giroa hobetzen lagundu zuen. Kamisetaz gain, “hainbat sari” eman ziren. Horren adibide bat erakutsi du Gabiñak: “Lehenengo heldu diren gizon eta emakumeek, azken postuan heldu denari sari bat eman diote, animatzeko, eta txapelketa bat baino topaketa bat dela adierazteko”.