Busturiako Udalak webgune berri bat ahalbidetu du
Busturiak, bere turismoa herriko ondare historiko eta kulturalera zein herriaren historiara bideratzen duen herria izanik, turismoa garatzeko estrategiapean sortu du webgune hau.
www.turismobusturia.eus da Udalak sortu berri duen webgunea. Euskaraz eta erdaraz nabigatzeko aukera dago, eta “oso intuitiboa eta nabigatzeko erraza” da. Webgune honen ardatz nagusia herriaren ondare naturala kontserbatzea da, hain zuzen ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dagoen hori. Horrez gain, ondare arkeologiko eta historikoari eta udalerriaren landa izaerari balioa ematea ere garrantzitsutzat du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak: “Udalean, gure landa komunitatea biziberritzeko konpromisua dugu”.
Hala nola, Busturialdeko gune turistiko bat izateko oso gaituta ikusten da udala, eta horrek herriko garapen iraunkorrari lagunduko diola argitu du: “Turismo kulturalak gure ondare historikoa eta naturala berreskuratzen eta kontserbatzen laguntzeaz gain, gure aparteko nortasuna ere ezagutzera ematen du”. Webgune horretan, batik bat, udalerriak eskaintzen dituen zerbitzu eta ondare baliabideak aurkitu daitezke, “Busturiko auzoak erakutsiz eta bakoitzeko txokoak ezagutzera gonbidatuz”.
Argi dago webgune berri honetan kultura oso presente dagoela; herriko ondare erlijiosoa, arkitektura zibila, ondare historikoa, burdinolak, garbitokiak eta abar luze bat dira horren adierazle. Mugikortasun iraunkorrera zuzendutako turismo aktiboari ere egiten dio keinu webguneak, Busturiak eskaintzen dituen ibilbideak adieraziz. Bai oinez, zein bizikletaz.
Aretxagak, memoria historikoa nabarmendu nahi izan du proiektu honekiko: “Gure historiaren jakitun izan gaitezen eta denongan errespetua izan daigun, bakea eta elkartasuna indartzeko. Guretzat garrantzitsua da hona nola heldu garen jakitea, eta herriak bizi izan dituen gertaera historikoak gogoan izatea”.