Aurreikuspenak gainditu ditu Itsasotik Mundakara Hegaluzea ekimenak
Uztailak 26tik [bariku] 28ra [domeka] bitartean Mundakan ospatutako ekimenak herrian giro itzela sortu du.
Herriaren sustraiei eta arrantzari keinu egitea zuen helburu Itsasotik Mundakara Hegaluzea ekimenak, eta Perondo Kultur Elkartearen hitzetan “aurreikuspenak guztiz gainditu ditu aurten”. Joan den urtean ere arrakasta hutsa izan zen arren, urte honetakoa goraipatu eta nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: “Nahi dugulako egiten dugu, gure herria, familia eta kulturari omenaldi xume bat egitearren, eta herriarengan horrelako harrera izan duela ikustea harrigarria eta pozgarria da, guztiz.”
Egitarau oso zabala eskaini du beste behin Perondo Kultur Elkarteak, dantza, musika, hitzaldiak, erakusketak eta kaleko zinema bezalako ekintzak uztartuz. Horietan guztietan, helburuetariko bat berdina zen: “Itsasoarekiko errespetua erakustarazi nahi izan dugu, besteak beste. Jasangarritasuna jendearen ahoetan egotea lortzea, eta horri buruz antolatu ditugun hitzaldietatik ikastea”. AZTIko kide den Martin Cabelloren “atunak markatzeko ikastaroa” nabarmentzeko ekintzak izan dira, adibidez.
Mundaka girotsua. Jende asko hurbildu zen joan den asteburuan Mundakara, “batez ere barikuan”. Izan ere, arratsaldeko 17:30etan Egunsenti Dantza Taldeak eman zion irekiera egitasmoari, eta musika zein dantza giroa herri guztira mugitu zen. Horren eskutik, antolatzaileek herritarrei zuzendutako mezu bat bota dute: “Eskerrik asko hurbildu, parte hartu eta lagundu zenuten guztioi, zuek gabe ez zen posible izango”.