Urdaibai, berriz ere irabazle
Lekeition lortu zuten bermeotarrek denboraldi honetako zortzigarren garaipena, Donostiarrari 17 segundoko aldea aterata.
‘Bou Bizkaia’ Eusko Label Ligako klasifikazioan tente mantentzen da, eta badirudi lehenengo postu horretan erosotasuna aurkitu dutela bermeotar arraunlariek. Izan ere, Lekeition izan da ligako azken bandera lortzeko txapelketa, eta hori ere eskuratu dute. Zierbena dute aurkari zuzena, klasifikazioan bigarren postua betez. Lekeition ordea, oso atzean utzi ditu Zierbenarrak Bermeo Urdaibaik, 34 segundoko aldea aterata.
Iker Zabalaren arraunlariak erakustaldi bikaina ematen ari dira. Batik bat, Eusko Label Ligako hamar banderetatik zortzi bereganatu dituztelako. 11 puntuko aldea dute bigarrenekin, Urdaibaik 117 puntu izanik eta Zierbenak berriz, 106. Hurrengo jardunaldietarako Bizkaitar kostatik irten eta zapatuan [abuztuak 3] Castro-Urdialesen lehiatuko dira urdinak, lanean jarraituz beste bandera bat bereganatzeko. Domekan [abuztuak 4] ere, Bizkaitik at kokatuko da Eusko Label Ligako txapelketa. Hain zuzen ere, Orioko uretan.