Hil ala biziko bikoitza hurrengo jardunaldian
Gernikako Grand Slama bizi-bizian dago. Hurrengo jardunaldian Laduchek eta Ibarluzeak Olharan eta Gorkaren aurka jokatuko dute, eta Barandikak eta Basquek Urrestiren eta Zabalaren aurka, Erkiaga eta Mantzi, eta Johan eta Lopez finalerdietarako klasifikatu diren heinean.
Uztailak 27ko [zapatua] Grand Slamaren jardunaldietan Aritz Erkiagak itzelezko erakusketa eman zuen Gernika-Lumon. Xabi Barandika eta Thibault Basque Aritz Erkiaga eta Mikel Mantziren aurka. Partidaren hasiera hotz baten ostean, ikusleak zutik utzi zituen Erkiagak, bere hirugarren eta azken seteko jokoarekin. Alderantzizko errebote bat, eta ia ezinezkoa zen pilota bat. Partida amaitzeko, zazpigarren laukitik azken tantu ederra egitea ere lortu zuen, eta horrela, finalerdietarako zuzeneko biletea eskuratu zuen Mantzirekin batera. Partidaren emaitzak 15-10, 11-15 eta 2-5 izan ziren.
Partidak bi bloke izan zituen; lehenengoan Barandikak eta Basquek bere aurkariak dominatu zituzten, faboritoek bikote bikaina osatzen dutela argi utziz. Atsedenaldira markagailua beraien alde zela heldu ziren, baina aipatutako bigarren blokea hasi zen. Ispasterreko pilotariak paregabe jokatu zuen, partidari amaiera bikaina emanez. Bere bikote den Mantzik segurtasuna esleitu zion jokoari. Akats gutxi, eta zelai guztia zainduta uneoro.
Bestalde, Johan Sorozabali eta Imanol Lopezi ere sufritzea tokatu zitzaien. Hasieran partida dominatuz eta akats gutxi eginez, aurkariekiko distantzia mantenduz. Hala ere, bigarren jokoan, partidak alderantzizko joera hartu eta Landuche-Ibarluzea bikotea gailentzen hasi ziren. Segurtasunez beteriko tantoak egiten, eta aurkariak ahultzen. Hirugarrenean berriz, dena jokoan zegoela, emozioz beteriko minutuak eskaini zituzten pilotariek, eta azkenean, Johanek eta Lopezek lortu zuten finalerdietarako bigarren txartela. Kasu honetan, partidaren emaitzak 8-15, 15-10 eta 4-5 izan ziren.
Hil ala bizikoak jokatuko dira hurrengo jardunaldian Gernika Grand Slamean. Izan ere, aipatutako bikote irabazle biak alde batera utziz, irabazteak soilik balioko duen partida bi izango dira jokoan: Landuche eta Ibarluzea Olharan eta Gorkaren aurka alde batetik, eta bestetik, Barandika eta Basque Urresti eta Zabalaren aurka.